Gaixotasun neurodegeneratiboak ikertzeko, Himalaya eta Karakorumen gora

Ane Elordi 2014ko eka. 17a, 15:27
Alberto Iñurrategi aretxabaletarrak, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak osatutako hirukoteak WOPeak proiektua aurkeztu du. Alpinismo proiektua da, eta helburua dute Karakorumen eta Himalayan bide berriak edo gutxi errepikatuak eskalatzea. Balioetan oinarritutako egitasmoa da, eta gaixotasun neurodegeneratiboen aldeko ikerketan lagunduko du.

Proiektuak hiru mendi eta hiru lagun lotuko ditu. Batetik, 2014ko udan Pakistanen, Karakorumen, Paiju Peak mendiaren hego aurpegia egin nahi dute, 6.610 metrokoa. Proiektuaren bigarren saioa, 2015eko udaberrirako aurreikusi dute, Nepalera abiatuko dira Himalaya mendikatean dagoen Jannu mendiaren hego aurpegia egiteko. Jannu 7.710 metro dituen mendia da, eta alpinista guztien ametsa da, estetika ikusgarria duelako eta bakartuta dagoelako, batez ere. Azkenik, 2015eko udazkenean egingo dute, azken espedizioa. Himalayako Cho Oyu mendia igoko dute, 8.201 metrotakoa.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak ezagutzen dituzte inguru horiek, eta ez da lehendabiziko aldia hain mendi garaiak igotzen dituztenak. Baina WOPeak proiektua berritzailea da, ohiko bideak alboratuko dituztelako. Basque Team izango dute babesle, baita BBK, EDP, Turkish Airlines, eta Surne ere.

WOP oinarri

Walk On Project Fundazioak gaixotasun neurodegeneratiboa duen Jon izeneko mutil baten kasu du oinarri. 2008an iragarri zioten gaixotasuna, eta erremediorik jarri ezean, bi urtean hil egingo zela. Ordutik etengabe borrokan bizi dira Jon eta bere familia. Gaixotasuna iragartzearekin batera sortu zuten gurasoek fundazioa, horien berri emateko eta gaitz horiek sendatzeko terapien ikerketa bultzatzeko.

Hori dela eta, mendiarekin lotura estua du fundazioak, haien egoeraren isla balitz bezala. Mendian, gaixotasunean bezala, talde lana oso garrantzitsua dela diote, eta ahulenari lagundu beharra dagoela. "Gailurra jotzea baino gehiago, gure esku zegoen guztia egin izanaren uste sendoa izatea". Horregaitik, erronka bat sortu zuten: 8.000ra zortzi urratsetan. Gorbeia eta Hiru Erregen Mahaia mendiak igo zituzten, eta Aconcaguara joandakoan Vallejo, Iñurrategi eta Zabalza hirukotea ezagutu zuen Jonen familiak. Hortik sortu zen zerbait egiteko asmoa, eta WOPeak egin dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak