Nondik dator Franz Detour izena?
Hasieran Detour izan behar zuen taldearen izenak, baina, itxuraz, badago horrela deitzen den talde bat. Film baten titulua da Detour, eta pelikularen protagonista Franz denez... Franz Detour. Gainera, taldekideek Fredi beharrean Franz deitzen zidaten.
Nola hasi zen abentura hau?
Ni [Franz Detour] Pure Man Engineko abeslaria nintzen eta taldeak geldialdia izan du, hainbat arrazoirengatik. Hori ikusita, aspalditik buruan nituen ideia batzuk grabatzea erabaki nuen, eta horiekin esku artean dugun maketa jaio zen. Diskoa Pure man Engineko Pablorekin grabatu nuen Palentziako Paramo Sound estudioan, eta kantuak Arrasatera ekarri ostean, horiei bizitza emateko talde bat sortzea erabaki nuen. Pixkanaka, Detour familia sortzen joan ginen. Gaur egun, baterian Jabi Detour dago, Lord Witch bergararren baxu-jotzailea, Kevin Detour arrasatearra organo, piano eta gitarra erritmikoez arduratzen da, eta baxu-jotzaile lanetan Uruguaitik etorritako Ramon Detour dugu.
Lehenengo diskoa eta gero taldea.
Bai, ez da ohikoena, baina hala izan da. Martxoa ezkero daramagu entseatzen, eta, zuzeneko bat jotzeko irrikan gauden arren, oraindik guztiz enpastatzeko prozesuan gaude. Gainera, entseatzeko orduan arazoak izan ohi ditugu; garaje baten jotzen dugu eta horrek ordutegi zehatz bat jarraitzea dakar. Kontua da Arrasateko gaztetxeko lokaletako zerrendan apuntatuta gaudela, baina ez du mugimendu handirik. Hemendik, lokala duten eta hura erabiltzen ez duten taldeei, baldin badaude, laguntasuna eskatu nahi diegu. Erabiltzeko asmorik ez badute, hurrengoei paso emateko eskatzen diegu, garaje batean entseatzea nahiko gogorra delako, batez ere uda partean.
Eta zuzenekoak orduan?
Gutxi barru hastea espero dugu. Dagoeneko hainbat eskaintza ditugu, baina, esan bezala, lokaleko lana amaitu nahi dugu. Azken finean, nik sortutako kantuak dira, eta gero, talde bezala bizitza eman behar diegu. Nik diskoa mahai gainean jarri arren, ostean taldekide bakoitzak bere ekarpena egiten dio kantu bakoitzari. Proiektu oso pertsonal bezala jaio zen eta musika estilo asko daude bertan, definitzea zaila da. Azken urtean eta duela hamalau urte grabaturiko ideiak entzun nituen diskoa egin aurretik, eta hamabi kantuak dira bidaia horren emaitza; seguruenik, The Butchers Son izango da maketaren izena. Hilabete gutxi barru kalean egotea espero dugu.
Hala ere, bigarrenean pentsatzen zabiltzate.
Gogor gabiltza lanean; abesti berriak, gainera, gureagoak dira, hasieratik denon artean konposatutakoak dira.