Fagor Etxetresnak, Fagor Taldea eta Mondragon ez dira enpresa-unitatea, epailearen esanetan

Leire Kortabarria 2014ko eka. 13a, 11:44
Fagor Etxetresnak.
Fagor Etxetresnen konkurtso prozesuak eta Pedro Malagon epaileak orain bi aste kaleratu zuen autoak ondorioak ematen jarraitzen dute. Tartean, Fagor S. Coop. taldeari eta baita Mondragon Korporazioari ere arnasa ematen dion ondorio batek: izan ere, epailearen esanetan, Mondragon Korporazioan dauden kooperatiba guztiak juridikoki "independenteak eta burujabeak" dira eta ez dute enpresa-unitaterik osatzen. Horrek esan nahi du baten erantzukizunak ezin zatzaizkiola besteari eskatu.

Adierazpen horrek garrantzi handia du, Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Grumaleko aldi bateko langile izan ziren 326 laguni eragiten dien EREa negoziatzen ibili direlako egunotan. Hain zuzen, bihar, zapatua, bukatuko da negoziazio epea. Berau konkurtso-administrazioak eta langileen ordezkariek egin dute. Likidazio planari langileen ordezkariek aurkeztutako helegite batek esaten zuenez, Fagor Etxetresnek, Edesak eta Grumalek "enpresa-unitatea" osatzen dute Fagor S. Coop. eta Mondragon Korporazioarekin, eta hori aitortzeko eskatzen zioten epaileari; baina epaileak ez du hori ontzat eman.

Fagor Taldeko iturriek epaiaren balorazio ona egin dute.

Negoziazio epea bukatzen denean, finkatuta geratuko da EREa eta langile haiek ze egoeratan geratzen diren. Hasieran, 20 eguneko kalte-ordaina proposatzen zen, baina langileen ordezkariek 30 edo 45 egunekoa eskatzen zuten.

Mondragoni eskaera LABek

Bestalde, LAB sindikatuak, prentsa-ohar bidez, langileak "defendatu" ditzala eskatu dio Mondragon Korporazioari: "Pilota Fagor markaren jabe den MCCren teilatuan dagoela uste dugu. MCCk erantzukizuna du Fagorren egoeran, eta erantzukizun hori bere egin behar du, daukan ardura asumituz. Fagor marka taldeko beste enpresa baten izenean dutenez, eta likidazioan Fagorreko industria jarduerarekin aurrera egiteko markaren erabilpena eskatuko dutenez erosleek, langile guztien eskubideak defendatzeko eskatzen diogu MCCri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak