"Erosketa-bonuak onak dira merkatari zein bezeroendako"

Leire Kortabarria 2014ko eka. 13a, 00:00
Idoia Elexpuru eta Gemma Sanchez, erosketa-bonua erakusten.
Ekainaren 30era arte dago zabalik Debagoieneko Mankomunitatearen erosketa bonuen kanpaina, eta, ordura arte, edozein unetan kanpainarekin bat egin dezakete Debagoieneko merkatariek.

Horrela egin dute dagoeneko hainbatek, tartean Arrasateko Gemma Sanchezek (Sikol) eta Aretxabaletako Idoia Elexpuruk (Belar Meta) eta gainerako merkatariak gauza bera egitera animatu gura dituzte. Arrasaten dagoeneko 37 komertzio atxikitu zatzaizkio kanpainari, eta Aretxabaletan, 12.

Idoia Elexpuruk gogorarazten duenez, erosketa-bonu horiek "onak dira merkatariarendako eta bezeroarendako". Izan ere, 20 eurotan erosten duen bonuak 25 euroko erosketa egiteko aukera ematen dio bezeroari: bost euroko deskontua, beraz. Merkatariendako, fidelizazio modu bat izango dela espero dute, Idoia Elexpuruk azaltzen duen moduan: "Gure dendara datozen bezero guztiei bonuak salgai daudela azaltzen diet, eta erostera eta harekin bueltatzera animatzen ditut. Hori detaile bat da bezeroarenganako".

Sanchezen esanetan, "jendea herriko dendetan erostera animatzeko modu bat da" eta horrexegatik erabaki zuen berak ere kanpainarekin bat egitea.

Bana erosteko aukera

Bi merkatari horiek kontatzen dutenez, bezero batzuek ezagutzen dute kanpaina, Gemma Sanchezek esaten duen moduan: "Bai, batzuk etorri zaizkit bonuak non truka zitzaketen galdezka".

Beste kasu batzuetan, eurek lagundu dute kanpaina gehiago zabaltzera eta ezagutzen ez zutenei haren berri ematera: zertarako diren bonuak, ze abantaila ematen duten eta non erosi zitzaketen. Eta horrek emaitza ona izan du, Idoia Elexpururen arabera: "Probatzen duenak beste bonu bat erosi gura izaten du, baina esaten diet norberak bakarra eros dezakeela".

Oro har, iniziatiba ona dela deritzote, eta herrian erostera animatzeko balio duela: "Aretxabaletan 223 erosketa-bonu daude salgai, eta niri gustatuko litzaidake 223 bonu horiek guztiak Aretxabaletan  trukatu daitezen"; horixe dio Idoia Elexpuruk.

Askotariko komertzioak

Askotariko komertzio eta zerbitzuak daude atxikituta. Zerrenda hemen ikus daiteke: www.debagoiena.com.
Honako tokietan eros daitezke erosketa bonuak: Arrasaten, Mankomunitatean; Aretxabaletan, Arkupe kultura etxean; Antzuolan, goizez udaletxean eta arratsaldez liburutegian; Bergaran, kultura etxeko sarreran (Errotalde jauregia); Elgetan, Julianen kioskoan; Eskoriatzan, Ibarraundi museoan; Leintz Gatzagan, Labidean eta Oñatin, udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak