Kimuak 2014 katalogoa honako film laburrek osatzen dute: Aitor Gutierrezen Anomalo, Lander Camareroren A Serious Comedy, Kote Camachoren Don Miguel, Koldo Almandozen Hubert Le Blon-en azken hegaldia, Artelekun ekoiztutako Sailor's Grave proiektu kolektiboa, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen. Genero nagusiak jasotzen ditu eta hizkuntzen ordezkaritzari dagokionez, euskarazko bi, gaztelerazko bi eta dialogorik ez daukaten beste bi daude, arabieraz filmatutako azken batekin.
Asier Altunaren bigarren aldia
Aipatutako zuzendarietatik bik berriki izan dute harremana Kimuakekin. Asier Altunak eta Lander Camarerok pasa den edizioan hartu zuten parte Zela Trovke eta A Political Story lanekin.
Altunaren Soroa Jorge Oteizaren Hildako bakoitzak hatz salatzaile bat uzten du zerurantz olerkian oinarrituta dago. Bergarako zuzendaria 2012an hasi zen testua lantzen, baina Zela Trovkek hain zuzen eragin zion parentesi bat egin behar izatea. Genero esperimentalarekin jolasten du, poesia bisualaren esparruan.
Aitor Arregiren lehena
Aitor Arregi zuzendari oñatiarrak, bere aldetik, Zarautzen erosi zuen filma aurkeztu du, jasandako kalte baten ordainarekin obsesionatua dagoen emakume baten istorioa. Nagore Aranburu, Ainere Tolosa eta Gotzon Sanchez dira protagonistak.
Zuzendari bezala Kimuaken dagoen lehen aldia bada ere, berak idatzitako eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Lagun Mina aukeratua izan zen 2012an. Film luze formatuan ere eskarmentu handia du, Lucio (2007) eta Sahara Marathon (2004) dokumentalak eta Goya sarirako izendatuak izan ziren Glup (2004) eta Cristobal Molon (2006) animazioak zuzendu ditu.
Katalogo berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostia Zinemaldian.
Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek aho batez egin dute film laburren aukeraketa. Epaimahaikide dira: Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen-batzordetako kidea eta Zinemira sailaren eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren arduraduna–, Josemi Beltran –Donostia Kulturako Zinema arduraduna–, Ismael Martin –ECAM zinema eskolako eta Madrid en Corto egitasmoko Sustapen arduraduna–, Edurne Ormazabal –EiTBko Arlo Komertzialeko zuzendaria– eta Jorge Sanz –Kultur kudeatzailea eta Aguilar de Campooko Film Laburren Jaialdiko koordinatzaile orokorra.