1. Finalean berriz ere ikurrina jasotzea lehen aldian baino hunkigarriagoa izan da?
Oso hunkigarria izan da, baina, akaso, lehenengoak ilusio handiagoa egin zidan. Orduan berritasuna izan zen; aurten konfiantza neukan nire buruagan: finalera heltzea jarri nuen helburu, eta irabaztea neukan buruan.
2. Behin irabazita, zergatik esan baietz bigarrenez parte hartzeari?
Batetik, Iguazu ezagutu gura nuelako, eta bestetik, hamar urte geroago horrelako esperientzia gogor bati aurre egiteko maila nuen edo ez ikusi gura nuelako. Erronka pertsonala izan da.
3. Nola daroazu batzuek jarri dizuten kexati fama?
Berdin dit. Ez dut uste hainbeste kexatu naizenik: arrazoia izan edo ez, justuak iruditu ez zaizkidan gauzez kexatu naizela uste dut; askotan, denen izenean.
4. Bide batez, nola duzu hanka?
Hobeto; denbora nahikotxo egon naiz hanka gaizki nuela, azazkalak oraindik ez zaizkit hazi, baina ez naiz kexu.
5. Gorrien ituna, emakumeena... Onenak irabazten du ala estrategiak egiten onena denak?
Ez dakit, baina irabazteko estrategia egin behar da. Estrategiarekin finalera hel zaitezke, baina irabazteko, horretaz gain, oso osatua izan behar duzu: onena edo onenetakoa.
6. Abentura bukatu zenetik, zenbat amesgaizto izan dituzu bikiekin?
Inoiz ere ez; baina ez nago ados saioak anaia-arrebak eroatearekin: oso ezberdina da abenturara bakarrik joatea edo lagunduko zaituen batekin. Bakarka lehiatu behar da.
7. Irabazteaz gain, maitasuna ere aurkitu duzu...
Inoiz ez nuen halakorik planteatu, eta gutxiago baldintza horietan: zikin, usain txarrarekin, gaizki pasatzen... Horrela suertatu zen, kanpoan elkar ezagutzen jarraitu dugu, eta batera gaude orain.
8. Zein aholku emango zenieke hurrengo edizioko lehiakideei?
Irabazi gura badute, joan aurretik har ditzatela kilotxo batzuk: hobe hasieran %100ean ez egotea, eta egunak joan ahala sasoian jartzea. Eta mentalki presta daitezela oso gaizki pasatzeko.
9. Gran Hermano-n ere hartuko zenuke parte berriz?
Ez, ez ninduke aseko. Ez naiz damu egon izanaz; baina orain, zerbaitetan parte hartzeko, ilusioa piztu behar dit; kirol erronketan-eta hartuko nuke parte.
10. Reality baten parte hartzeak nola eragiten du jendeak zu tratatzeko orduan?
Onerako edo txarrerako du eragina; bada lana aurkitzeko zailtasunak dituenik. Niri berdin dit: zoriontsua naiz halakoetan parte hartzen.
----------
Makila magikoa baneuka: "Iazko Kontxako Bandera irabaziko nuke: palek elkar jo zuten une hura aldatu egingo nuke"