Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroetan barrena, 150.000 pertsonatik gora batu dira gaur giza katean, antolakuntzatik jakitera eman dutenez, eta "ilusio, poztasun eta harrotasunez, eskuz esku, elkar hartu" dutela gaineratu dute.
Pertsona horiek guztiek badute batzen dituen zerbait, euren esanetan, eta etorkizunean ere lanean jarraitzeko deia egin dute: "150.000 pertsona baino gehiagok badaukagu batzen gaituen zerbait. Ez gutxi, egiaz. Banatzen gaituena baino gehiago da batzen gaituena. Handia da hori, handia! Sarea. Elkarri eskutik eman diogu, elkarrekin egin dugu lan gaurdaino, sarean jarraituko dugu. Asko gara, baina badakigu asko falta direla, eta herri honetan denok gara beharrezko, ez dago inor sobera. Herri honen etorkizuna denon artean erabaki behar dugu".
"Gaur sentitutakoak erakusten digu hemen ez dela ezer bukatzen, aitzitik, hau hasiera baino ez da", esan dute: "Dinamika bizi bat izan dugu herriz herri. Bihartik aurrera are biziago dagoen dinamika izango da. Lehen helburua gaindituta, erabakitzeko eskubidean aurrera egiteko indarrak batu dituena".
Askotariko pertsonak batu ditu giza kateak eta horren erakusgarri izan da Debagoiena bera ere. Gurean ikusi ditugu, besteak beste, EHBilduko Pello Urizar; Andoni Ortuzar, Iñaki Anasagasti eta Iñaki Zarraoa jeltzaleak; eta PSE-EEko Gemma Zabaleta.
"Garai berri bat hasi da gure herrian, eta horri jarraipena ematea, gure esku dago!", adierazi dute dinamikatik.
Giza katea, datutan
- 123 kilometro.
- 150.000 pertsona baino gehiago.
- 2.500 boluntariotik gora lanean.
- 900 autobus hara eta hona.