Gure Esku Dago

12:00ak iristeko zain, festa giroa nagusi

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 8a, 11:15

Zintzo jarraitu dituzte debagoiendarrek antolakuntzakoen oharrak, eta esandako ordurako nor bere tokian zegoen: 'Gure Esku Dago' lelodun kamiseta soinean zeramatela asko, jan-edanez betetako motxilak soinean hartuta beste hainbat... Guztiak, hori bai, eguerdiko hamabiak iristeko irrikaz.

Eta itxaronaldian lagundu du, nola ez, animazioak: Arrasateko kilometroetan, adibidez, Txorbela otxotea kantuan, dultzaineroak, trikitilariak... San Prudentzion ere txistulariak.

Giza katearen hasiera ordua gerturatzen doan heinean, eskuz esku ilara osatzen doaz herritarrak. Zintzo daude, esaterako, Arrasate herri barruko kate-begiak, bakoitza dagokion tokian ipinita. Eta familiak, bitartean, Monterronen, zain.

San Prudentziotik, baina, lasaiago zebiltzala kontatu digute 11:15ean: autobus mordoa heltzen zebilen ordu horretan oraindik, eta jendea hamaiketkoa egiten zebilen, patxadaz, elkartetik ermitara arteko tartean. Umeak, bien bitartean, jolasean, gustura.

Goiztiar ibili da jendea eta zenbait momentutan lanak izan dituzte hainbatek kafe bat hartzeko ere, Arrasaten, gutxienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak