Arau berriak ITEaren gaineko nahasmena argitu du, epe luzeagoa ipiniz

Leire Kortabarria 2014ko eka. 9a, 00:00
Etxebizitza eraikin batzuk Arrasaten.
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 24an egin zuen Eraikinen Azterketa Teknikoa (ITE) Euskadirako arautzen duen dekretua. Orain arte zegoen nahasmena –Euskadiko eta Espainiako arauak zeudelako sortua– argitzeko balio du dekretuak.

Lehen hainbat epe zeuden, eta aurrerantzean, hori sinplifikatu egingo da honela: 2018 baino lehenago 50 urte egiten dituzten edo 50 urte baino gehiago dituzten eraikin guztiek azterketa eginda izan beharko dute 2018ko ekainerako, eta bere Udalari eman beharko diote azterketaren txostena. 2017ko ekainean 50 urte egiten duten eraikinek urte bete izango dute eginbehar hori egiteko. Debagoieneko birgaitze sozietateko, Suradesako gerente Luis Laskurainek dioenez, "lehen baino epe luzeagoa egongo da, eta horrekin batera, udalei honakoa gomendatu zaie: planifikazioa egin dezaten, ITE guztiak ez daitezen azken hilabetean egin".

Laskurainek Goienari azaltzen dizkio ere arau berriaren ezaugarri gehiago: "Irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna ere aztertuko dira; hori oraingoz ez da derrigorrezkoa, baina, denborarekin, izango da.

Kontuan hartzeko beste gauza bat aipatzen du Luis Laskurainek: "Dekretua argitaratu zen eguna ezkero, obrak egin behar dituen edozein komunitatek ITEa eginda izan beharko du, eraikinak duen adina izanda; berdin da oraindik 50 urte ez baditu".

Dirulaguntzak, orain artekoak

Finantzazioari edo dirulaguntzei dagokienez, honakoa azaltzen du Suradesako arduradunak: "Orain arte moduan jarraituko dute: birgaitze edo errehabilitazio obraren bat egin behar duen komunitateak, ITEa egin behar badu, dirulaguntza batzuk eskatu ahal izango ditu". Gaur egun dauden dirulaguntzak hiru mota nagusikoak dira: dirulaguntza orokorrak, 1984a ezkero; eraginkortasun energetikoa hobetzeko, itzuli beharra ez dagoen dirulaguntzak; eta urtean edo bi urtean behin ematen diren Revive eta Renove planen dirulaguntzak. Horrelako lanak egin behar dituzten bizilagun-komunitateek ITEa ere egin behar badute, ITEa egiteko gehienez ere 1.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete.

Interneten, informazioa

Eusko Jaurlaritzak www.euskoregite.com Interneteko webgunea ireki du. Bertan, ITEa zer den irakurtzeaz gain, Euskadiko edozein eraikin bila daiteke, eta ze urtekoa den eta ITEa egitea noiz tokatzen zaion ikusi ere.

Webgune horretan ematen diren datuen arabera, lehenengo eperako –2018ko ekainerako– Gipuzkoako eraikinen %37,4k izan beharko dute ITEa eginda, Arabako %47,3k eta erdiek baino gehiagok, %52,9k, Bizkaian. 2021-
erako bete beharko dute eginkizun hori Gipuzkoako eraikinen %59,8k, Arabako %51,4k eta Bizkaiko %44,5ek.

Debagoienean lehenengo epe horretan zenbat etxebizitza sartzen diren galdetuta, Luis Laskurainek honakoa erantzun du: "Oso gutxik. Hala ere, tokatzen zaien bizilagunak informatzeko saioak antolatuko ditugu".

Bi dokumentu

Aurrerantzean ere gaitutako teknikari batek egin beharko du ITEa. ITEaren txostenaz gain, aitorpen edo deklarazio bat ere egin beharko du hark. Gaur egun, ITEa egiteagatik 1.200 eta 1.500 euro artean ordaindu behar izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak