Eroskiren esanetan, "gaur egungo kontsumitzaileari egokitutako erosketa-esperientzia" eskaini nahi du Contigo ereduak. Gaineratu duenez, Boulevard-eko hipermerkatua eraberritzeko, kontsumitzaileen iritziak eta ekarpenak hartu ditu kontuan.
Eraberritze obrak martxoan hasi ziren eta, batez ere, produktu freskoen sailean egin dituzte.
Horrekin batera, hipermerkatuak beste bost langile ditu orain: denetara, 330.
Berrikuntzen artean, sekzio guztietan arreta pertsonalizatua ezarri du Eroskik: "Harategian lagundutako salmenta ipini dugu berriz, eta pasillo nagusian hainbat mostradore dituzte bezeroek, arreta pertsonalizatua jasotzeko".
Beste nobedade batzuk ere badaude, hala nola produktu ekologikoen sail berria, okindegi berritua eta Arabako ekoizleen produktuak dituen fruta-salmenta saila.
Araban orain 33 urte ireki zuen Eroskik lehen establezimendua, Astegietan, hain zuzen ere. Gaur egun, 259 milioi euroko salmentak egiten ditu Araban. 2013-2016 eperako Plan Estrategikoan jasotako berrikuntzak aurrera eroaten jarraitzeko, datozen bi urteotan hamar milioi inbertitzeko asmoa du Eroskik.