Hamabi urtez izan da PSE-EEko idazkari nagusia eta, alderdiko idazkaritza utzita, ziklo bat itxiko duela aitortu du. Bilbon emandako prentsaurreko batean eman du berria Lopezek eta bertan jakinarazi du PSE-EEk ezohiko biltzarra egingo duela irailean, "zuzendaritza eta estrategia berriei bidea irekitzeko eta pertsona berriak beharrezkoak direlako".
Aurrera begirako asmoei buruz galdetuta, esan du "alderdiari laguntzeko" prest dagoela, "beharrezkoa dela uste den lekuan". Nolanahi ere, garbi utzi du "alderdia sendotzea" dela lehentasuna eta, horretarako, uste du PSOEk 2015eko Udal eta Foru hauteskundeen ostean egin behar dituela Espainiako Gorteetarako bozen zerrendaburua aukeratzeko hauteskunde primarioak.
Sozialistek 2,5 milioi boto inguru galdu dituzte Espainian, Europako hauteskundeetan; horietako 100.000, EAEn.