Azken jardunaldian atseden hartuko dute Aritz Elortzaren neskek, eta Mutrikuk Intxaurdiren zelaian jokatuko du. Arizmendiren igoera mutrikuarren esku dago: azkeneko jardunaldian punturen bat lortzen badute, eurena izango da igoerako txartela. "Itxaron egin beharko dugu. Igoera lortu edo ez, denboraldi bikaina egin dugula esango nuke. Oso harro nago. Urte hasierako helburuak ziren disfrutatzea eta igoerarengatik lehian ibiltzea. Biak ala biak lortu ditugu", esan zigun entrenatzaileak Zumaiakoren kontrako partidua bukatu ostean.
Denboraldiko zati onena
Izan ere, azken jardunaldira arte, igoerarako hautagai izateko, irabazi beharra zeukaten zapatuan. Lehia gogorra zuten Zumaiakoren kontra. Hiru puntuak behar zituzten biek ala biek, igoerako postuetan jarraitzeko.
Garrantzia horrekin jakitun, Arizmendiko neskek bikain jokatu zuten lehen zatia. "Duda barik, denboraldiko zatirik onena jokatu dugu. Lerro guztietan", esan zigun entrenatzaileak.
Lehen zati hartan sartu zuen gola Arizmendik. 18. minutuan aprobetxatu zuten etxekoek, atezainaren aldaratzea, baloia sarean sartzeko. Atsedenaren aurretik, Arizmendiren gol bat balio barik utzi zuen epaileak. Bigarren zatian, bi gol izan ziren balio bakoak. Biak, etxekoen golak.
Markagailuan abantaila hartuta, bigarrenean lasaiago jokatu zuten Elortzaren neskek. Zumaiakorendako hiru puntuak ere ezinbestekoak ziren, eta markagailua kontra zutela, aurrera egin zuten golaren bila. Baina, etxekoen lerro guztiak oso sendo egon ziren bigarren zatian.