Maider Arregi oñatiarrak eskuratu du Gipuzkoako bertso-eskoletako txapela

Imanol Gallego 2014ko mai. 25a, 17:46
Maider Arregi azken agurra abesten.
Amaia antzokiari bertso usaina zerion. Ateak zabaltzeko ordu bete falta zela iritsi ziren lehen zaleak antzokiaren atarira. Domekakoa ez zen edozein final, tartean Maider Arregi oñatiarra zegoen-eta. 400 bat pertsona gerturatu ziren Amaia antzokira, baina dudarik gabe, pankarta eta guzti, oñatiarrak ziren nagusi.

Maider Arregik iaz leku berean kantatu zuen eta arantzatxoa iltzatuta geratu zitzaiola onartu zuen agurrean. Maialen Lujanbiok proposatutako gaiak gozo eta fin kantatu zituen oñatiarrak. "Ez naiz guztiz gustura geratu", azaldu zuen Arregik saioa amaitu eta gero, baina zorionez epaileek beste iritzi bat izan zuten. Epaimahaiak ez zuen lan erraza izan saio orekatua izan baitzen, baina Arregik akatsik gabeko saio erregular bati esker, txapela eskuratzea lortu zuen.

Aitzindariaren eskuetatik

Txapel preziatua izateaz gain, aurtengoak kutsu berezia izan zuen. Patxi Goikolea bertso eskolen aitzindariaren eskuetatik jaso baitzuen Arregik txapela. Une hunkigarria izan zen, eta arrasatearrak ere txalo ugari jaso zituen. Bukaeran, Arregik bere bertso-eskolakoei eskaini zien agurra.

Lehiaketa eraldatuta

Aurtengo finala historikoa izan da, aro berri baten hasiera markatu du-eta. Urtetan, Bertso Eskolen Eguna eta Eskolarteko Txapelketa, bakoitza bere aldetik ospatu eta gero, aurten, egun berean ospatu dira.

Hilabete luzetako gogoeten ondoren Eskolarteko txapelketari astinaldi bat ematea erabaki zen eta, parte hartzaileekin adostuta, proposamen eraldatua aurkeztu da aurten. 14 urtetik beherakoen lehiari uko egin zaio eta horren partez saio didaktikoak antolatu dira kanporaketetan.

14 urtetik 18 urtera bitartekoek txapelketa jokatzen jarraitzen dute. Bertso kopurua handitu da eta kanporaketen formatua modu informalago batean garatuko da aurrerantzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak