Dagoeneko hainbat herrialdetan botoa eman duten arren, gurean eta Europar Batasuneko herrialde gehienetan gaur egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak.
Europar Batasuneko 28 herrialdetako 400 milioi pertsona inguru daude hauteskunde hauetan botoa ematera deituta, eta 751 parlamentari aukeratuko dituzte: Frantziak, esaterako, 74 parlamentari aukeratuko ditu, eta Espainiak, 54.
Espainiaren kasuan, eta alderdiei dagokienez, PP, PSOE eta UPD ez, gainerako alderi gehienak koalizioan aurkeztu dira hauteskundeetara: EAJ, CEU koalizioaren barruan; EH BIldu, Herriek Erabakiren barruan; Equo, Primavera Europearen barruan eta IU-Ezker Anitza eta Iratzarri-EKI, Izquierda Pluralen barruan.
Debagoienean, 51.809 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea. Hauteslekuak 09:00etan zabalduko dira, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik.
Galdeketen arabera, gora egingo du abstentzioak
Krisiak eta ilusio faltak baldintzatutako hauteskundeak izango dira, eta galdeketen arabera, aurreko hauteskundeekin alderatuz, gora egingo du abstentzioak. Duela bost urte egin ziren azken Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Debagoieneko abstentzioa %60,07 izan zen.
Espainian, parlamentari bat lortzeko boto kopurua parte-hartze mailaren araberakoa da. 2009an, esaterako, 260.000 boto behar izan ziren parlamentari bat lortzeko.
Hauteskunde hauek gainera, Europar Batasuneko presidentea aukeratzeko eragina izango dute. Izan ere, 28eak hautagai bat aukeratuko dute, baina hautagai horrek parlamentuaren onespena beharko du.