Bidegik Lan Ikuskaritzari eskatu dio Deskargako lanetan egubakoitzean gertatutako istripua ikertzeko

Istripuaren ondorioz ez zen inor zauritu baina, Gipuzkoako Foru Aldunditik emandako informazioaren arabera, ez obrako enpresek ez eskuduntza duten erakundeek ez zuten jakinarazi istripu gertatu zela. Larritzat bezain onartezintzat jo du abisurik eman ez izana.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko Bidegi erakunde publikoko ordezkari bat GI-632 errepideko Antzuola-Urretxu zatiko lanetara joan zen martitzenean, Bidegik esleitutako obra denez, egin ohi dituen kontrol eta segimendu lanen barruan. Lanetan zegoela, aurreko egubakoitzean, maiatzaren 16an, istripua gertatu zela jakin zuen, "bide ofizialetik ez izan arren". Gauzak horrela, Obra Zuzendaritzako Lan eta Segurtasun arduradunari gertatutakoari buruzko txostena eskatu zion; martitzenean bertan egin zuen txostena obra zuzendaritzak (Eptisak).

Istripuan zauriturik izan ez zen arren, Bidegik atzo bertan jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzari istripua gertatu zela eta ikertzeko eskatu dio; sindikatuei ere eman die istripuaren berri.

Bi arrazoi

Bidegik bi arrazoirengatik erabaki du Lan Ikuskaritzari istripuaren berri ematea: "Alde batetik, larria iruditzen zaigulako obrako arduradunek ez Bidegiri ez istripuak ikertzeko ardura duten erakundeei istripuaren berri ez ematea, eta hori onartezina izateaz gain, traba delako ardurak argitze aldera. Bestetik, lan baldintzak eta lan segurtasuna errespetatuak izan daitezen dugun konpromisoagatik". Eta horri gehitu dio, Eptisak egindako txostenaren arabera, obrako enpresek bazekitela istripua izan zuen makinari "zerbait" gertatzen zitzaiola, baina ez zutela inolako neurririk hartu, eta hori onartezina dela.

Bidegik uste du erakunde publikoen zeregina dela lan baldintzen eta lan segurtasunaren alde aritzea, eta ildo horretan kokatzen ditu kasu honetan hartutako neurriak. Halaber dei egin die gai honetan ardura duten erakunde guztiei "arduraz eta zorrotz" joka dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.