Domekara arte Arantzazun inkunableak ikusteko aukera

Ane Elordi 2014ko mai. 21a, 16:19
Arantzazuko santutegiak, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak elkarlanean antolatu dute Liburua, arimaren ispilu izeneko erakusketa. Aurten berriztatutako 107 inkunableetako bat, 1495 urtekoa, egongo da ikusgai Arantzazun, domekara arte. Zapatuan, Xabier Egaña eskultoreak bisita gidatuak egingo ditu, 12:00etan eta 18:00etan. Antolatzaileek egitasmoaren balorazio positiboa egin dute.

Maiatzaren lehen egunean ireki zuten erakusketa, eta domekara arte egongo da Gandiaga Topagunean. Erakusketa antolatzearen helburua da liburuak gizartearen eskuetara hurbiltzea. Arantzazu Gaur fundazioko Juan Bianen esanetan, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute; erakusketa arrakastatsua izan da, eta asteburuetan gerturatu da bisitari gehien. Gainera, Xabier Egaña eskultoreak egindako bisita gidatuek harrera ona izan dutela adierazi dute antolatzaileek. Egindako lanarekin pozik agertu dira, eta haien helburua betetzat eman dute: Arantzazun dauden altxorrak jendartean ezagutaraztea.

Altxorrak digitalizatuz

XV. mendean inprimatutako liburuak dira inkunableak; Gutenbergek 1453 inguruan inprenta modernoa asmatu eta hurrengo 50 urteetan kaleratutako liburuak, hain zuzen. Teknologia berriei esker, horiek digitalizatu daitezke eta hori egin du Euskomedia Fundazioak. Gipuzkoan 169 inkunable eskaneatu dituzte, horietako 107 Arantzazuko Santutegiko liburutegikoak eta 49 Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikokoak. Arantzazuko inkunablerik zaharrena 1470 urtekoa da, eta Torquemada inkisidoreari buruzkoa da. Gehienek erlijioarekin lotura estua dute, teologikoak eta filosofikoak dira. Ale digitalizatuak Donostiako Koldo Mitxelena kulturguneko liburutegiaren webgunean egongo dira eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak