Betiko lan-moduak aldatzeko beharra azaldu dute Euskal Merkataritzaren Topaketetan

Leire Kortabarria 2014ko mai. 21a, 10:43
Merkataritzaren gaineko mahai-ingurua.
Kontsumitzaileak hala eskatuz gero, egiteko betiko moduak aldatzeko gertu egon behar dela: hori da XVI. Euskal Merkataritzaren Topaketen hasieran komertzioei bidali zitzaien mezua. Martitzenean hasi ziren topaketak, Eusko Ganberek antolatuta eta Euskadiko merkatari guztiak gonbidatuta zeudela. Topaketen programak ekainaren 20ra arte jarraituko du.

Negozio eredu berriak, ohikoa asaldatu leloarekin, komertzioaren betiko moduak aldatzeko gertu egoteko beharra azaldu zen, eredu edo negozio-kontzeptu berriak garatzeko, aukera eta merkatu-nitxo berriak aprobetxatuz. Kontsumitzailearen eskaerei entzutearen garrantzia azpimarratu zen; izan ere, bertan esan zenez, produktua edo zerbitzua erostea erabakitzeko modua aldatzen joan da kontsumitzailea, eta aldatzen jarraitzen du.

Parte hartu zuten kongresuan Eusko Jaurlaritzako Komertzio eta Turismo sailburuordeak, Itziar Epalzak, eta Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak, Pedro Esnaolak. Bi enpresa komertzialen kasuak azaldu ziren: Hackett London joskintza-enpresa eta Bacalao Giraldo enpresa. Eredu eta joera berrietara nola zabaldu ziren azaldu zuten biek. Mahai-ingurua izan zen segidan.

Aurrerantzean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 52 tailer egingo dituzte, lau astean zehar. Horiekin, bereziki komertzio txikiei, euren jarduera hobetzeko teknikak eta tresna praktikoak erakutsi nahi dizkiete. Hainbat gai landuko dituzte: produktuak aurkezteko teknikak, erakusleihoa argiztatzea, bezeroaren erosketa-esperientzia, Interneteko estrategia, ahozkoa ez den hizkuntza, joera berriak edo adimen emozionala.

Informazio gehiago, Gipuzkoako Bazkundearen webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak