Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko asmoz sortu zen Ostegun Bidaiariak lehiaketa iaz, Aretxabaletako Udalaren eskutik. Maiatzaren 29an hasiko da lehiaketaren bigarren edizioa, Artemanen laguntzarekin. Hurrengo lau astetan, ostegunero, Aretxabaletako taberna ezberdinetan eskainiko dira bidaia ezberdinen diaporamak.
Bidaia esperientzia horiek dira azken bost urteotan Debagoienean jaio edo bizi diren gazteek bizi izan dituztenak, eta aukera paregabea eskaintzen diete entzuleei udarako ideiak jasotzeko.
Emanaldi bakoitzaren ostean, ikusleek botoa emateko aukera izango dute, tabernan bertan egongo den buzoian; irabazleak publikoak aukeratuko ditu. Egingarri diren bidaietarako ideia iturri izateari eman nahi zaio garrantzia, eta bi sari banatuko dituzte: sari nagusia (200 euro) eta bigarren saria (100 euro).
Lau saio
Hurrengo emanaldiak izango dira:
- Maiatzak 29, 21:30, Haizea tabernan: Uganda-Ruanda bizikletan (Josu Velasco, Aretxabaleta) Ugandatik abiatuta, Kigaliraino –Ruandako hiriburua– bizikletan egin zuen ibilbidea Velascok. Gogoan ditu irribarreak, mendilerro garaiena, leku ederrak eta, bereziki, bertakoen agur hitzak: "Bye mzungu, bye white man".
- Ekainak 5, 21:30 , Orly tabernan: Sri Lanka bizikletan (Maialen Zabaletaa, Arrasate) Arrasateko Maialen Zabaletak Sri Lankari bira eman zion, 2012ko abuztuan, bizikletaz. Barnealdea eta itsasaldea ezagutu, te plantazioak ikusi eta Adam´s Peak-era oinez igo zen. Asko gozatu zuen klimaz, paisaiaz eta jendeaz.
- Ekainak 12, 21:30, Paulaner tabernan: Filipinak (Aritz Unamuno eta Igor Narvaez, Arrasate) Bi arrasatearrok bi alditan izan dira Filipinetan: aurten eta iaz. Euren helburu nagusia urpekaritza egitea izan bada ere –marrazo baleekin batera uretan izan dira, besteak beste-, bertako lekuak, jendea eta kultura ere ezagutu dituzte.
- Ekainak 19, 21:30, Akorde tabernan: Indiako hegoaldea (Iñaki Arnaiz, Aretxabaleta) Hiru aste egin zituen han Iñaki Arnaizek: lehenengoan tenpluak ikusi zituen; bigarrenean mendi ibilaldiak egin nahi zituen, baina ez zuen aproposik aurkitu, eta hondartza ugari ezagutu zituen. Oso bidaia polita egin zuen, bero izugarriarekin izan bazen ere.
Lehiaketaren oinarriak: www.arkupe.eu eta www.aretxabaleta.com.