Eroskik 2014ko urtarrilaren 31n itxi zituen aurreko ekitaldiko kontuak, eta, emaitzek erakusten dutenez, bere ohiko merkataritza jarduera "indartu" egin da, Taldearen esanetan.
Barruko prozesuak eraginkortu egin ditu eta, horri esker, Ebitda "zertxobait" hobetu du, 269 milioiko emaitzarekin. Hain zuzen, 161,8 milioi euro gutxiago gastatu zuen bere ohiko jardueran. Aurreko ekitaldian baino hiru aldiz gehiago aurreztu zuen kapitulu horretan.
Fakturazioari kalte egiten jarraitu dio ekonomia testuinguru orokorrak eta kontsumoa ahul egoteak, eta %4,39 jaitsi da aurreko ekitalditik, 6.698 milioi lortuz. Urtearen bigarren erdian, salmentak ia %4 hobetu ziren, enpresak martxan jarritako ekintza planei esker, Eroski Taldeak informatu duenez.
Kontsumitzaileek, 79 milioi aurreztu
Emaitza onei esker, Eroski Taldeak bere galerak murriztea lortu zuen: 19 milioi gutxiago galdu zituen 2013an. Beraz, 102 milioi euroko saldo negatiboarekin itxi zituen kontuak, aurreko ekitaldian baino %15,7 gutxiago. "Emaitza hobeak dira, finantza-gastuak 14 milioi handiagoak izan arren eta prezioak doitu ondoren", esan du Taldeak. Prezioak doitzeari esker, kontsumitzaileek 79 milioi euro aurreztu zituela ere gaineratu du Taldeak.
Eroski Taldeak zorra kentzeko ahaleginak egiten jarraitzen du, eta 2013an zehar, 71 milioi amortizatu zituen. Finantza-erakundeekin geratzen zaion zorra berregituratzeko negoziatzen dabil. Azken bost urteotan 1.255 milioi amortizatu dituela gogorarazten du Eroskik.
Eroski S. Coop.-ek, bestalde, 94,8 milioiko irabazi operatiboak lortu zituen, aurreko urteetako joerarekin jarraituz. Probisiotan 263 milioi euro ipini zituen. Gaur egun, kooperatibak 1.219 milioi euroko fondoak ditu.
Caprabok, 17,6 milioi
Caprabok, bere aldetik, 17,6 milioiko irabazi operatiboak lortu ditu, aurreko ekitaldian baino %66 gehiago. 1.364 milioi fakturatu ditu eta 17 supermerkatu ireki ditu. Vegalsak, bestalde, 264 supermerkaturekin bukatu zuen jardunaldia, Leonen, Asturiasen, Zamoran eta Palentzian zituen supermerkatuen kudeaketa komertziala bere gain hartu eta gero. 939 milioi euro fakturatu zituen.