Mintegia 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta doakoa izango da. Arte martzialetan inolako esperientziarik ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute, izan ere, defentsa sistema praktiko eta errealista ezagutzeko aukera izango dute partaideek. Ermuako KRAV-KA elkarteko buru Jose Alonsok eta haren taldeak gidatuko dute mintegia.
Teknika defentsibo sorta bat aztertuko dute ikastaroan, partaideak sor daitezkeen gatazka biolentoei erantzun ahal izateko. Horretarako, egoera eta eraso errealak imitatzeko material ezberdina erabiliko dute: makilak, ezkutuak, gomazko labanak…Mintegira arropa erosoa eramatea gomendatzen da eta, etxean izanez gero, arte martzialeko babesak ere. Dutxa eta aldagela zerbitzua egongo da partaideentzat.
Ikastaroan izena emateko zenbaki honetara deitu beharra dago: 645 00 98 08.
Krav Maga
Praktikotasunean eta gorputzaren erreakzio naturaletan oinarritutako defentsa pertsonala da Krav Maga. Bestelako arte martzialak baino eraginkorragoa da eta ikasteko ere errazagoa. Adin guztietako jendeak ikas zezan sortu zen eta baldintza berezirik ez da behar Krav Maga praktikatzeko eta bertatik etekina atera ahal izateko.
Teknika propioak ez ezik, bestelakoak ere biltzen ditu Krav Magak: boxeo teknikak, karatearenak, jiu-jitsuan erabiltzen direnak eta kali esgrimakoak. Defentsa pertsonalaren erronkei soluzioa ematea da helburu nagusia: erasoak saihestea, eskura dauden elementuen erabilera defentsa arma gisa, aurrez aurreko borroka erasotzaile batekin edo erasotzaile talde batekin, lurrean borroka, armei aurre egitea, ibilgailu barruko defentsa, erasotuak diren pertsonei laguntza eskaini ahal izatea, besteak beste.
Krav Maga sisteman ez dago araurik. Entrenamenduetan kalean egunero topa daitezkeen egoerak simulatzen dira. Hori lortzeko, ariketak egiten dira estresak eraginda, argi gutxirekin, erasotzaile bat baino gehiagorekin eta erasotzaileen aurrean desabantaila egoeretan jarrita: lurrean etzanda, erasoztaileari bizkarra emanda edota eskuak eta besoak ezin erabilita.
Azken finean, Krav Magak zera erakusten du: gatazka biolento batean ahalik eta min gutxien jasotzea, izan ere, kasu gehienetan ia ezinezkoa da onik irtetea horrelako egoera batetik. Eraso biolento gehienak abisurik gabe gertatzen direnez, entrenamenduan horrelako egoerei zelan aurre egin ikasten da.