Xabier Euzkitze: "Dudarik gabe, kontuan hartuko nuke albistegiak aurkezteko eskaintza"

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 22a, 00:00

Xabier Euzkitze.
Nongoa den galdetuz gero une honetan zarauztarra sentitzen dela erantzungo duen bertsolari eta pilotazaleak ez du aurkezpenik behar; egun, 'Kontrako eztarria' saioan dabil.

1. Ikasturtea amaitzeko ez da askorik geratzen. Ze nota merezi du Kontrako eztarria-k?

6,5 edo 7. Uste dut geure buruari jarritako helburu gehienak betetzen gabiltzala, giro ona dugula eta hori transmititzen dugula. Audientziak ere txukunak dira.

 

2. ETB1en zaudetenok ere begiratzen diezue audientziei?

Begiratuko ez diegu, ba! Horien araberakoa da saioen iraupena eta jarraipena. Ondo legoke esatea ez gaudela horien menpe; baina baliabideak ikaragarri jaitsi diren arren, exijentzia maila ez da jaitsi.

 

3. Bere garaian, ia benetakoa be-zain ezaguna egin zen Alkainen Euzkitze. Hartu duzu mendekurik?

Ez dut beharrik ikusi. Hari esaten nion hainbeste urte horrekin ibilita ea ez gintuzten afari triste batera gonbidatu behar... Baina zain gaude! Onak dira, eta hura ere ondo egiten zuten.

 

4. Ia 27 urtean kamera aurrean.  Egindako lanetatik zein gogoratzen duzu irribarre berezi batekin?

Gauza bakanen bat izan ezik, denak gustura, borondatez eta konbentzimenduz egin ditut. Aipatzekotan, Sorginen laratza, Bisitaria eta pilota partiduak Joxean Tolosarekin.

 

5. Eta berriz ere Gaur Egun aurkeztea proposatuko balizute?

Orain baino garai zailagoak ziren, baina gustura aritu nintzen. Oso kontuan hartuko nuke albistegiak aurkezteko eskaintza.

 

6. Zenbat pilota partiduri jarri diezu ahotsa?

Kontuak atera beharko nituzke, baina... 6.000tik gora izango dira. Aspertu? Ez, sekula ere ez!

 

7. 1998an esan zenion agur plazaz plaza bertsolari aritzeari. Ordutik hona, zenbatetan izan duzu berriz ere oholtzara igotzeko gogoa?

Inoiz ez. Ez naiz erabaki hori hartzeaz damu: bat-batean erabaki nuen egun hartan azken saioa egitea, baina aurrez  buelta asko eman nizkion gaiaiari. Zerbaiten mina edo ezina bazegoen, bistan denez. Bertsolaria eta bertsozalea naiz, baina gero eta urrunago dakusat plazetara itzultzeko aukera.

 

8. Saharari laguntzen diozu, beharra duten umeak etxean hartu... Zer da zuretzat elkartasun hitza?

Kolore, jatorri, erlijio, hizkuntza edo kokapen geografikoen gainetik, denok eskubide eta aukera berak izan ditzagun nork bere harri koskorra jartzea. Horren gero eta premia handiagoa dago.

 

9. Seme nagusia pilotazalea eta bertsozalea ere bada... Euzkitze II.aren aurrean gaude?

Nik gustatzen zitzaidana egiteko aukera izan nuen, eta halaxe egiten utziko diot. Baina, oraingoz, elkarrekin ondo pasatzen dugula aprobetxatuko dut.

 

10. Gautxoria zara ala oilarren pare egunarekin esnatzen dena?

Gautxori izana naiz, eta orain ere, beste baldintza batzuetan, gaua aprobetxatuko nuke. Kostatzen zait goiz esnatzea. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Ur edangarria eskatuko nuke munduko toki guztietarako: ur zikina edateagatik bakarrik milioika pertsona hiltzen dira" 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak