Via-T gailu berria ipintzea proposatuko du Bidegik

Leire Kortabarria 2014ko mai. 19a, 10:05

Kamioiak Etxegaraten.
Deskontudun Via-T propioa izatea proposatuko du Bidegik. Bihar, martitzena, egingo du hori, Bidegiren Administrazio Kontseiluan.

Administrazio Kontseilura Bidegiren Via-T gailu propioa ateratzeko baldintza agiria eramango dute, eta, dena ondo bidean, onartu eta gailua merkaturatzeko lehiaketa publikoa martxan jarriko da.

Gailua Gipuzkoako autobideetan deskontua jaso dezaketenentzat izango da, hau da, Gipuzkoan bizi diren pertsona fisikoentzat, ibilgailu arina dutenentzat, Ogasunarekin zorrik ez dutenentzat eta Bidegik ezarritako baldintzak errespetatzen dituztenentzat. Via-T gailu berria,  orain artekoek bezala, Gipuzkoako autobideetan ez ezik, inguruko autobide gehienetan ere erabili ahal izango da, eta ez dio orain arte baino gastu gehiago eragingo ez Bidegiri ez erabiltzaileari.

Foru Aldundiak dioenez, gailu berriak "hainbat abantaila" izango ditu erabiltzailearendako eta orain arteko "hainbat arazo" konponduko ditu:

1-     Erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute zein kontu korronte bidez egiten duten ordainketa, banketxe zehatz batzuetara mugatu behar izan gabe, orain gertatzen den moduan.

2-     Erabiltzaileei Bidegik zehaztutako moduan kobratuko zaie, eta ondorioz, erabiltzaileek askoz hobeto ikusiko dituzte egin dituzten ibilbideak eta horiengatik kobratu zaiena. Orain arte banketxe bakoitzak zehaztutako moduan kobratzen zaie erabiltzaileei, eta askotan erabiltzailearentzat ez da erraza zehazki kobratutakoa zeri dagokion zehaztea. Orain erabiltzaileek ez dituzte argi egindako ibilbideak, ezta kontu korrontean egindako kobrantzak edo ezarritako deskontuak ere. Gailu berriarekin arazo horiek guztiak konpondu nahi dira.

3-     Gipuzkoan egindako ibilbideei dagokionez, erabiltzaileei zenbateko garbia kobratuko zaie hilean behin, ez orain arte bezala gordina eta hilabete bukaeran deskontua aplikatu.

4-     Bidegik erabiltzaileei faktura bakarra bidali ahal izango die, eta errazago ikusiko dute informazio guztia (gaur egun ezin zaie faktura bakarra bidali, eta beste hainbat erakunderi eskatu behar izaten diete erabiltzaileek).

5-     Edozein zalantzaren aurrean erabiltzaileari Bidegik erantzun beharko dio, eta beraz, erabiltzaileak oso argi izango du edozein zalantza, kexa edo iradokizun jakinarazteko nora jo behar duen.

Bidegiren asmoa 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera deskontudun Via-T gailu berria martxan jartzea da, eta horretarako lehenengo urratsa asteartean, maiatzaren 20an, Administrazio Kontseiluak baldintza agiria onartzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak