Kelistok dioenez, Donostiako ekonomia-adierazle ia guztiek berresten dute hiri garestiena dela. Hego Euskal Herriko eta Espainiako hiriburu guztiak hartu dituzte kontuan. Zerrenda horretan, Bilbo bosgarren hiri garestiena da, eta Gasteiz, 14.a. Donostiako bizi-kostea Espainiako batez bestekoa baino %29,3 handiagoa da. Zerrenda horretan, bigarrena Madril da (%28,7 handiagoa); gero, Bartzelona (%26,2 handiagoa) eta Tarragona (%18,2 handiagoa). Iruñea 20. postuan dago.
Etxebizitza erostea edo alokatzea beste hiriburuetan baino garestiagoa da Donostian. Espainiako batez besteko prezioa baino %145,2 handiagoa da Donostiako batez bestekoa. Bilbok du hirugarren prezio garestiena; Gasteizek, bosgarrena; eta Iruñeak, zortzigarrena. Donostian, Bartzelonan eta Bilbon, batez beste, 80 metro koadroko etxebizitza bat 282.120 euro kostatzen da; Espainiako batez bestekoa 138.400 eurokoa da.
Garraio publikoari dagokionez, Donostiak du Hego Euskal Herriko eta Espainiako hiriburuen artean bigarren autobus-txartel garestiena (1,60 euro), Madrilen atzetik, eta zortzigarren bonobus garestiena (8,80 euro). Gasteiz zortzigarrena da bonobus merkeenarekin.
Erosketa-otzara garestiena, Bilbon
Supermerkatuko erosketei dagokienez, Bilbok du otzara garestiena: urtean 7.250 euroko gastua, Espainiako batez bestekoa baino %7,1 handiagoa. Donostia hirugarrena da, 7.130 eurorekin; eta Iruñea, laugarrena. Iruñeak du Hego Euskal Herriko eta Espainiako hiriburuen artean seigarren ogi-barra garestiena: 1,07 euro.
Gasteiz zortzigarren hiriburu garestiena da zinema-sarrera prezioetan: 7,90 euro; Iruñea, hamargarrena, 7,70 eurorekin. Gasteiz bosgarren garestiena da birendako afariaren batez besteko prezioari begiratuta: 58 euro. Bilbo zortzigarrena da: 56,40 euro.
Iruñea behetik hasita bosgarren dago gasolinaren prezioan: 66,75 euro da, batez beste, depositoa betetzea, Espainiako batez bestekoa baino %2,7 gutxiago.