Gipuzkoa eta kooperatibismoa ezagutzen dabiltza Brasilgo enpresaburu batzuk

Leire Kortabarria 2014ko mai. 14a, 10:49
Garitano, Brasilgo delegazioarekin.
Brasilgo enpresaburu batzuk Gipuzkoa bisitatzen dabiltza, lurralde garapeneko eredua ezagutzeko, eta tartean Mondragon kooperatiba eredua eta MUren Basque Culinary Center ezagutzen dihardute.

Martin Garitano ahaldun nagusiak egin zien harrera astelehenean Brasilgo enpresaburuei. Hain zuzen, Parana estatuko enpresaburuen elkarteko ordezkariak dira eta Gipuzkoako eredua ezagutzen dabiltza.

Parana Brasilgo hegoaldean dago eta hamar milioi biztanle ditu. Brasilen BPG handiena duten estatuen zerrendan bosgarrena da eta bertan daude mundu mailan hain ezagunak diren Iguazuko ur-jauziak.

Autonomia Erkidegoa ezagutzeko bisitak irauten duen bitartean, Donostian bizi dira  Brasilgo ordezkariak. Garapen eskualdeko agentzien elkarteko presidenteak, Fernando Nebredak, Brasilera esportatu nahi duten lurralde garapeneko ereduaren berri eman zien astelehenean. Martin Garitano diputatu nagusiak harrera egin zien eta, ondoren, merkataritza misioa eta Foru Aldundiko agintariak Gipuzkoako Bazkundera joan ziren eta bertan Pedro Esnaola presidenteak hartu zituen. Segidan, Basque Culinary Centerrera joan ziren. Donostiako Udaleko garapen agentziaren (Fomento) instalazioak ere bisitatu zituzten.

Egunotan, Paranako merkatari eta enpresari elkarteen ordezkariek Mondragonen kooperatiba eredua ezagutzeko aukera dute eta Gipuzkoako hainbat eskualde bisitatuko dituzte bertako garapen agentziek nola funtzionatzen duten ikusteko. Ondoren, Bizkaia eta Araba bisitatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak