Zuriñe Hidalgo: "Gaur naizen pertsona izateko asko balio izan zidan 'Betizu'-k"

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 15a, 00:00

Zuriñe Hidalgo.
Musika zainetan daramala dio disko berria prestatzen dabilen Hesian taldeko abeslariak, eta gaztetxotatik jarraitu duen ibilbidea ikusi besterik ez dago egia dioela konturatzeko.

1. Nola doaz seigarren lana izango denaren prestaketak?

Primeran! Abestiak dagoeneko eginak ditugu eta orain azken ukituekin gabiltza: behin eta berriz lokalean egindako grabazioak entzuten eta behar denean, moldaketak egiten.

 

2. Zein osagai izango ditu plater berriak? Aurrekoen antzerakoak ala berriak?

Taldearen berezko esentzia ez da galduko, baina musikalki, nahiko disko ezberdina izango da. Pauso bat aurrera egin dugu.

 

3. Aldarrikapenek beti izan dute lekua Hesianen letretan.

Eta izaten jarraituko dute. Oraingoan ere aldarrikapen sozial, politiko zein pertsonalek lekua izango dute.

 

4. Taldea martxan zegoela heldu zinen zu. Taldeko hasiberria izaten jarraitzen al duzu?

Ez, izan ere, ni sartu nintzenetik gaur egun arte aldaketa gehiago egon dira talde barruan, eta aspaldi kendu zidaten tokia!

 

5. Diskoaren grabazioa dela-eta, kontzertu gutxiago emango dituzue aurtengo udan. Behingoagatik atseden hartzeko aukera?

Bai: atsedena bai guretzat, eta baita publikoarentzat ere, bestela gutaz kokoteraino amaituko dute, kar, kar, kar! Oraingo diskoan %100ean egon nahi dugu, eta horren ondorioa da kontzertu kopuru mugatuena.

 

6. Zerekin alderatu daiteke kontzertu baten abesten ari zarela ehunka lagun zuri begira egotea?

Garrantzitsuena da hor daudenak ehun, mila ala bost lagun izan, aktibo egotea da, parte hartzen; bestela, subidoia ez da berdina... Eta zerbaitekin alderaratzekotan, terapia askatzaile bat bezalakoa dela esan daiteke.

 

7. Lehen urratsak, Betizu-n eman zenituen. Zer geratzen zaizu esperientzia hartatik?

Gaur naizen pertsona izateko asko balio izan zidan. Pila bat ikasi nuen, bai musikalki eta baita pertsonalki ere: pertsona bezala hazteko eta nire buruarengan konfiantza izateko asko balio izan.

 

8. Milaka jarraitzaile dituzue, baina oker ez bagaude, denetan sutsuena etxean duzu: amona.

Nire bi amonak, bai! Momentu honetan, adina dela eta, ezin dira kontzertuetara etorri, baina gogorik ez zaie falta!

 

9. Abeslaria eta irakaslea zaitugu orain; eta hamost urte barru?

Garai horretan amatxo izatea espero dut;  eta nola ez, era batera edo bestera musikak oraindik ere nire bizitzan jarraitzea.

 

10. Zer behar du Zuriñe Hidalgok zoriontsu izateko?

Egiten dudanarekin pozik eta aseta sentitzea, eta baita maite ditudan pertsonak nire ondoan izatea ere.

----------

Makila magikoa baneuka: "Munduari buelta emango nioke, ia gaur egungo egoera zeozer behintzat hobetzen dudan!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak