Batzar Nagusiek uztailean onartu zuten iruzurraren aurkako foru arauak jaso zuen betebehar hori: hain zuzen, Errenta aitorpena edo Sozietate Zerga Gipuzkoan egiten duten zergapekoek Espainiatik kanpo dauzkaten ondasunez eta eskubideez derrigorrez informatu beharko zuten martxoaren 31 baino lehen. Hala ere, Gipuzkoako Ogasunak beste hilabeteko luzapena onartu zuen, erraztasunak ematearren.
Kopuru batetik gorako ondasunak edo eskubide hauek aitortu behar zituzten:
a) Finantza entitateetako kontuak.
b) Baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak.
c) Ondasun higiezinak edo haien gaineko egiazko eskubideak.
d) Ondasun higigarriak edo haien gaineko eskubideak atzerrian badaude, Espainiatik kanpo matrikulatuta badaude edo hango erregistroetan badaude.
A blokeari dagokionean, 6.813 zergadun horietatik, 6.393k du banku-konturen bat edo kreditu konturen bat estatutik kanpo. Finantza entitateetako kontuen kasuan, 50.000 eurotik gorako kontuak izan behar zuten Ogasunari haien berri emateko.
6.813 zergadun horietatik, 5.990ek aitortu dute 50.000 eurotik gorako akzioak dituztela Espainiatik kanpo. Horrez gain, 6.813 horietatik, 5.639 estatutik kanpo 50.000 eurotik gorako higiezin baten jabe edo titular direla informatu dute. Gainera, 151 gipuzkoarrek aitortu dituzte 50.000 eurotik gorako higigarriak.