Toberako epaia, beteta: Debagoieneko I. Errotonda Eguna egin dute

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 10a, 18:19
"Azalkeria, itxurakeria eta zilborkeria" leporatuta, Bergarako herria errudun jo zuen azken Toberan On Prudentzio Piper Hautsa epaileak, eta aurreko urteetan ere epaia galdu zuten Arrasate eta Oñatirekin batera, Debagoieneko Eguna antolatzera zigortu. Gaur bete dute epaia, eta hala, Debagoieneko I. Errotonda Eguna egin dute Elorregin. Berau ibarreko epizentroa den adierazle zuhaixka bat ere landatu dute.

Debagoienean egin diren hiru Toberetan parte hartu duten Arrasate, Oñati eta Bergarako hainbat ordezkari elkartu dira gaur eguerdi aldean Elorregiko biribilgunean. Helburua argia zen: On Prudentzio Piper Hautsa epaileak azken Toberan emandako sententzia betetzea. Eta hala, Debagoieneko I. Errotonda Eguna egin dute.

Elorregi, 0 kilometroa

Egunari hasiera emateko, eta Elorregi eskualdeko epizentroa dela adierazteko, zuhaixka bat landatu dute. Deigarria izan da epailea bera izan dela landaketa lanak egin dituena, berez berez errudun deklaratutakoak begira izan dituen bitartean.

Landaketaren ostean, hitzaldia ere eskaini du On Prudentzio Piper Hautsa epaileak. "Arrasate, Oñati eta Bergarari zigor partekatua ezarri zitzaien azken Toberan, herri bakoitza bere zilborrari so dagoelako.  Debagoieneko I. Errotonda Eguna Elorregin eginda, aldarrikatu nahi dugu eskualdeko epizentroa hemen dagoela" adierazi du epaileak, eta gaineratu: "Hemen elkartzen dira gure bideak; hemen dago Debagoieneko bideen 0 kilometroa; eta hemendik hasi behar dugu bidea elkarrekin egiten, bidelagun izaten eta komunitatea indartzen".

Bidea luzea izango dela ohartarazi du epaileak, eta gaurko eguna urtero errepikatuko dutela ere gaineratu du: "Urtetik urtera berrituko dugu gaur hona ekarri gaituen izpiritua. Urtean zehar ere txertatuko dugu". Gaur landatutako zuhaixka urteen poderioz Debagoieneko arbola indartsua bihurtzeko nahia ere adierazi du On Prudentzio Piper Hautsak, eta esan du gaurkoa epaia betetzea izan dela, ez zigorra: "Lankidetza ezin da inoiz ere zigorra izan". Lankidetzaren birusa herri eta alor guztietan zabaltzeko deia ere egin du. "Biba Debagoiena! Bederatzixak bat!" oihukatuz amaitu du berbaldia epaileak.

Behain epaia beteta, elkarrekin bazkaltzera joan dira ekitaldian parte hartu dutenak.

Hurrengoa, Aretxabaletan

Epaileak iragarri du gainera datorren urtean Aretxabaleta izango dela  Toberan epaituko duten herria. Eskoriatzak gidatuko du oraindik ere zehazten dabiltzan akusazioa. Epaiketak badu eguna: datorren abenduaren 28a.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak