Europako Hauteskundeak

Ekitaldiz betetako kanpaina aurkeztu du EH Bilduk Debagoienerako

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 9a, 13:56

Mezu "ezkertiar eta independentista" zabalduko du alderdi abertzaleak ibarrean, herririk herri. Hiru ekimen nagusi iragarri ditu eta, horiekin batera, ekitaldi "koloretsuagoak" eta hitzaldiak.

EHBilduren ustez, Europako Hauteskundeak Euskal Herritik eta herritik bertatik begiratu behar dira: "Gatazkaren konponbideari bultzada emateko, erabakitzeko eskubidea eskuratzeko eta Europan estatu izan nahi duen herri gisa aurkezteko aukera paregabea dira. Era berean, eskuinari eta eskuin muturrari aurre egingo dion fronte ezkertiarra eratzeko baliatuko dugu Europa".

EHBilduren ingurune naturala kalea da, koaliziotik diotenez, eta ildo horretatik, "kaleak, ikastetxeak eta lantokiak hartu, eta EHBilduren mezu ezkertiar eta independentista zabalduko" dutela azaldu dute, "herriz herri, eskuz esku eta egunero lan eginez lortzen" direlako "aurrerapausoak".

Hiru ekimen nagusi

Hiru ekimen nagusi iragarri ditu Debagoienerako EHBilduk, hauteskunde kanpainari begira (Oñatin hilaren 12an, Arrasaten 16an eta Bergaran 22an); eta horretaz gain, herriz herri hitzaldiak eta maiatzaren 12 goizerako agerraldia AHTren obretan.

Bide batez, gogora ekarri dute egun gutxi gelditzen direla korreo bidezko botoa tramitatzeko –maiatzaren 15a da azken eguna– eta kanpoan egongo diren herritarrei (ikasleak, jubilatuak, langileak…) EHBildu bozkatzeko deia egin die.

Egitaraua

Eskualdea:

  • Maiatzaren 12an, astelehena, agerraldia, AHTren obretan: Maiatzaren 12an, goizean, AHTren obretan "makroegitura handien" salaketa egingo dute, "ekonomia herritarren zerbitzura jarri behar dela adierazi eta Debagoienak plan industrial serio bat behar duela aldarrikatuz". Gipuzkoa mailako ekimena izango da. AHTko obretan, Olan, elkartuko dira, 11:00etan. Rebeka Uberak egingo ditu adierazpenak. Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar nagusietako kidea da, Aralarreko antolakuntza idazkaria eta EHBilduko kidea.

Arrasate:

  • Maiatzaren 16an, egubakoitza, 19:00etan, ekitaldia, plazan: Herrialde mailako ekitaldia izango da. Hizlariak izango dira: Marian Beitialarrangoitia eta Pello Urizar. Marian Beitialarrangoitia kazetaria da, Hernaniko alkate ohia eta parlamentaria Gasteizko Legebiltzarrean. Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusia, parlamentaria eta EHBilduko kidea da.
  • Maiatzaren 20an, martitzena, hitzaldia: Faxixmoaren gorakada Europan. 19:30ean, Kulturaten. Hizlaria: Julen Arzuaga. Idazlea, abokatua, Euskal Herriko Giza Eskubideen behatokiaren sortzailea eta EHBilduko parlamentaria da. Nazioarteko zuzenbidean esperientzia handia du eta ONUn ere lan egin izan du, EHko Giza Eskubideen behatokiko ordezkari gisa.

Oñati:

  • Maiatzaren 12an, astelehena, 19:00etan, ekitaldia, Plazan: Hizlariak: Maite Aristegi eta Rebeka Ubera. Madrilgo diputatua eta EHNE sindikatuko idazkari orokor ohia da Maite Aristegi.
  • Maiatzaren 21ean, eguaztena, hitzaldia: Segurtasuna vs Herritarren eskubideak. 19:00etan Kultura etxean. Hizlaria: Julen Arzuaga.
  • Maiatzaren 23an, egubakoitza, ekitaldia, ONAneko plazan (San Anton Plazan), 19:00etan: Hizlaria: Marian Beitialarrangoitia.

Bergara:

  • Maiatzaren 7an, eguaztena, hitzaldia: Erabakitzeko Eskubidea Europan. 19:30ean, Elementalean. Kazetaria, Sortuko nazioarteko arduraduna eta EHBilduko kidea da Maite Ubiria.
  • Maiatzaren 22an, eguena, ekitaldia, 19:00etan, Munibe Plazan: Hizlariak: Maite Aristegi eta Juanjo Agirrezabalaga. EHBilduko parlamentaria, EAko nazio batzordeko kidea eta Hezkuntza saileko kide ohia da Juanjo Agirrezabalaga.

Antzuola:

  • Maiatzaren 19an, astelehena, hitzaldia, 19:00etan, Olaran etxean:  Troikaren Europari ez, herriek erabaki, Txente Errekondoren eskutik. Nazioarteko analista eta Nazioarteko Euskal Analisi Gabineteko kidea eta kazetaria da Rekondo.

Elgeta:

  • Maiatzaren 20an, martitzena, hitzaldia, 19:00etan, Kultura etxean: Troikaren Europari ez, Herriek erabaki, Jone Etxeberriaren eskutik. Ekonomian aditua eta EHBilduko kidea da Etxeberria.

Aretxabaleta:

  • Maiatzaren 19an, astelehena, hitzaldia, 19:00etan, Arkupe Kultura etxean: Erabakitzeko eskubidea Europan, Joxean Agirre eta Iñaki Ostolazarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak