Donostiako 1. Merkataritza Auzitegiko Pedro Malagón epailearen eskuetan dago prozesua. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta gero, aurkeztu ahal izan direnetatik kontuan hartzen direnekin likidazio plana nola geratuko den jakitea izango da hurrengo pausoa.
Hori eta gero, beste 25 egunean erakusketa publikoko fasea izango da, eta hor, interesa dutenek eskaintza zehatzak egin beharko dituzte.
Likidazio planak lehenengo aukera gisa ezartzen du Fagor Etxetresnak eta Edesa osorik saltzea, baina "seguruenik" bigarren aukeraren arabera likidatuko da, Fagor Etxetresnetako iturrien arabera: hiru multzotan banatuta. Hiru multzo horiek Confort, Mini eta Lerro Zuria (hozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak) dira. Eskaintza zehatzak aurkeztearekin batera, atal bakoitza erosi nahi duenak atal horrengatik fiantza bat ipini beharko du.
Cevitalek eta Catak euren eskaintzak aurkeztuko dituzte, baina "orain arte egin dituztenak berregin eta likidazio planera egokitu" beharko dituzte, Fagor Etxetresnen arabera.
Batzuek zailagoa izango dute eskaintzak jasotzea
Cevitalek eta Catak, orain arte, Mini eta Egosketa negozioengatik interesa agertu dute. Fagor Etxetresnen arabera, multzo eta negozio batzuk saltzea errazagoa izango da beste batzuk saltzea baino; hala, Lerro Zuriaren barruan dagoen hozkailuen atalarengatik eskaintzak jasotzea "oso-oso zaila" izango dela diote Fagor Etxetresnek. Eskoriatzako lantegia Mini negoziokoa da, eta Garagartzakoa, Lerro Zurikoa; orain arte, horiengatik interesa erakutsi dute Cevitalek eta Catak.
Gauzak ondo bidean, Fagor Etxetresnek espero dute "uztailerako adjudikatuta" izatea Fagor Etxetresnetako eta Edesako aktiboak.