Defentsako hutsegite baten ondorioz, Antzuolak porrot (0-1)

Jagoba Domingo 2014ko mai. 4a, 17:10

Aranak izan zuen antzuolarren gol aukerarik garbiena.
Partidu trabatua izan zen zapatuan Eztala futbol zelaian ikusi zena. Hernani hartu zuen etxean Antzuolak, bi taldeak sailkapenean berdinduta zeuden, eta gol bakarrak erabaki zuen partidua.

Bigarren zatian heldu zen gola. Hernaniren pare baten abisuren ostean, ezker hegaletik ateratako falta baten ostean heldu zen 0-1ekoa. Falta motzean atera zuten bisitariek, eta Hernaniko defentsak ezker hegaletik barneraketa egin ostean, area txikira erdiratu zuen. Bertan Antzuolako defentsak egon beharrean, Elizalde, Hernaniko aurrelaria, zegoen eta gola egiteko baloia bultzatu besterik ez zuen egin behar. Elizalde gainera, 66. minutuan irten zen zelaira eta irten eta sei minutura egin zuen gola. Etxekoek gaizki defendaturiko jokaldian etorri zen gola, baina minutu batzuk lehenago jokaldi antzerako bat egin zuten Hernanikoek, horrenbesteko zorterik izan gabe.

Bi taldeentzako gol aukerak

Lehenengo zatian joko nahasia izan zen nagusi. Baloi asko goitik eta bi taldeen defentsak atzean serio hasi zuten norgehiagoka. Antzuolakoek Aranzabal bilatzen zuten baloi luzeekin, eta kontraerasoren batean Aranzabalek eta Aranak, atsedenaldia heltzear zegoela, gol aukera sendoak izan zituzten biek ala biek.
Aranarena izan zen Antzuolarren gol aukera garbiena; 40. minutuan bi defentsa atzean utzi zituen eta atezainaren aurrean zegoela, jaurtiketa ahula egin zuen. Hernanikoek ere aukera pare bat izan zituzten lehenengo zatian, etxekoen defentsaren akatsak baina, ez zituzten aprobetxatu.
Aldagelatik bueltan Hernanikoak indartsu zelairatu ziren, hala ere, bi taldeek gol aukerak izan zituzten 20. minututik aurrera. Momentu horretan partidua apurtu zen, eta kanpokoek gola egiteko aprobetxatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak