LAB: "Fagor Etxetresnen auzian, lanpostuak mantentzea ahalbidetuko duten proiektuen alde egingo dugu"

Irati Goitia 2014ko mai. 2a, 16:30

Fagor Etxetresnak Taldearen likidazio prozesuaren harira, LAB sindikatuak lanpostuak mantentzea ahalbideratuko duten proiektu industrialen alde egingo duela jakinarazi du hedabideetara bidalitako ohar baten bidez.

Likidazio fasean dago Fagor Taldea eta Pedro Malagon epaileak administratzaile judizialen plana onartu bezain laster egin ahal izango dituzten interesatuek euren eskaintzak. Bada, langileen ordezkarien iritzia kontuan hartzea eskatu du LAB sindikatuak, eroslea hautatzerako orduan.

Hain zuzen, eroslea aukeratzerako orduan, LAB sindikatuarentzat, bere babesa azaltzeko aldagai nagusiak bi dira. Batetik, ahalik eta enplegu gehiena mantentzea, baldintza duinetan. Hala, sindikatutik honakoa zehartu dute: "Ez dugu onartuko Fagor Etxetresnaken errekonbertsioa lan-baldintzen prekarizazioaren bizkar egitea". Eta bestetik, proiektu industrialen sendotasuna, bai enplegu zuzenaren ikuspegitik eta baita eskualdearen etorkizuneko garapenerako sortu daitekeen aberastasunaren arabera.

Eusko Jaurlaritzari ere egiten diote eskaera LABetik oharrean. "Adierazpen publikoez haratago, helburu hauekiko konpromisoa ekintzetan gauzatzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari", adierazi dute sindikatutik.

"Konponbidea langile guztientzat"

LABentzat Fagor Etxetresnak Taldeko langile guztien egoera da larria, eta horrela, guztientzako eskatzen dute konponbidea. "Grumaleko, Fagorreko edo Edesako langile –izan enpresako jabetzaren jade edo besterentzako lan egin– guztien egoera da larria. Konponbiderik egongo bada, guztientzat izan behar dela uste dugu, bazkide izan ala ez. Honek, kooperatibismoaren berezko elkartasun izaera indartuko luke".

Mondragoni inplikazio eskaera

Hartzekodunen Konkurtsoko Administratzaile direnei, eta Fagor markaren jabe den Mondragon Taldeari, euren inplikazioa areagotu dezaten eskatu diete sindikatu abertzaletik. "MCCk erantzukizuna du Fagor Taldearen egoeran, eta erantzukizun horri aurre egin behar dio". Era berean, langile guztiek eskubideak defendatzeko eskatzen diote LABetik Mondragon Taldeari. "MCCk orain du aukera frogatzeko ez duela bestelako multinazionalen moduan jokatzen".

Azterketa kritikoa

Bestalde, Fagor Taldeko krisia euskal kooperatibismoaren azterketa kritikoa egiteko erabili behar dela deritzo sindikatuak, eta bere prestutasuna adierazi du horretarako. "Uste dugu Euskal Herriaren etorkizunerako osagai garrantzitsua izango dela, eta elkartasunean eta partaidetzan oinarritutako eredua beharrezkoa izango da beste Euskal Herri justuago bat eraikitzeko eta eskualdeko etorkizuneko garapenerako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak