Mendiaren gaineko film ikusgarrienak botako dituzte Amaian

Maider Arregi 2014ko mai. 2a, 12:57
Abentura eta mendiarekin lotutako muturreko kirola iritsi dira aurten ere Debagoienera Arrasateko Mendi Tour jaialdiaren eskutik. Hala, Arrasatera gerturatzen diren ikusleek, mendiaz, alpinismoaz, piraguismoaz edota muturreko eskiaz gozatzeko aukera aparta izango dute, maiatzaren 13an, martitzena. "Iaz ere Amaia antzokia goraino bete zen. Eskaintzen diren filmak harrera ezin hobea izaten dute eta aurten ere jendeak gustura ikusiko dituelakoan gaude", azaldu digu Mikel Nuño Besaide Mendi taldeko kideak.

Mendia ardatz dituzten film sarituak ikusteko aukera izango da. "Gure helburua da mendia eta mendian egiten diren kirola herritarrei gerturatzea. Mendi Tourreko filmei esker mendia, eskalada edota eskia gerturatzea ere bada gure asmoa, besteak beste", gaineratu digu.
Hala, hitzekin edo musikarekin jantzita, irudi ikusgarriekin lagunduta kontatzen diren istorioekin gozatzeko aukera aparta izango dute ikusleek. Hausnarketarako, ondo pasatzeko, eta hunkitzeko bidea ere badela azpimarratu nahi izan digute.

Euskarazko azpitituluekin

Cascada film laburrak, Bilbao Mendi Film Festibaleko dokumental onenaren saria jaso duen lanak, irekiko du Arrasateko Mendi Tour jaialdia. 19:30ean emango zaio hasiera. Cascada filmak, Mexikoko oihanaren barruan, piraguista talde batek ur-jauzi "perfektuaren" bila egindako bidaia islatzen du. Mexikora bidaiatzen duten abenturazale batzuen esperientzia pertsonala narratzen da bertan. Kayak-a praktikatzen igarotzen duten denbora tartearen berri ematen du, ur-jauzietan behera egindako jaitsierak erakutsiz. Zortzi minutuko iraupena du.

Ondoren, Valhalla, muturreko eskiaren inguruko film ikusgarriaren txanda izango da. Patagonian, eskiatzen ibilitako kirolzale amorratu baten istorioa kontatzen da. Paisaia ederrak ikusteko aukera eskaintzen du. 60 minutuko iraupena du. Ondoren atsedenaldia egingo dute.

Eta hirugarren lana, Cerro Torre filma izango da. Bilbao Mendi Film Festivaleko film onenaren saria jaso zuen 2013an. Alpinismoa du lan honek ardatz. Zailtasun handiko gailurra da Corre Torre. 3.133 metro ditu eta Patagoniako hegoaldean dago. Bi lagunek igoeran edukitako gorabeherak kontatzen ditu filmak. 100 minutuko iraupena dauka jaialdiko azken lan honek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak