1. El Conquistador-en hamar ediziotatik zazpitan egon zara. Zein izan da gogorrena?
Akaso, azken hau. Uste genuen berriro Patagoniara gindoazela, eta ezustean hartu gintuen. Ez geun-
den hango baldintzetarako prestatuta; eltxoena gogorra izan da.
2. Eta zerk motibatzen zaitu joaten jarraitzeko?
Abenturak. Une gogorrak bizitzen dituzula alde batera utzita, abentura bera gustatu egin behar zaizu, geneetan eroan. Himalaiako nire kirol jarduerekin alderatzen dut.
3. Antolakuntzakoak hain gaiztoak dira?
Denok legez, antolakuntzak bere papera egin behar du. Inoiz ez dugu esaten tranparik dagoenik. Dena erreala da: probak gogorrak dira, asko egoten da jokoan; baina gure iritziz, nahi duten taldearen aldekoak diren maniobrak badaude.
4. Jose Luis Kortarekin duzun kimika hasieratik da halakoa ala hazten joan da?
Betidanik da harreman bikaina: beti egon da, dago, eta egongo da. Kapitain moduan batera gindoazen bigarren aldia izan da, eta oso ondo konpondu gara, oso ondo ulertu dugu elkar.
5. Telebistan zure haserrealdi bat ikustean, zer pentsatzen duzu?
Askotan, egin eta esaten ditudanekin lotsatu egiten naiz. Baina kontua da dena ondo joatea eta audientzia izatea.
6. Saioa lehia da; mendigoizaletasuna, teorian ez. Ala bai?
Ez; horregatik, El Conquistador-en nagoenean lehiakortasunari buruz berba egiten dut. Nire kirol jardueran ez nago lehiatzera ohituta, eta saioa lehia da zentzu guztietan.
7. 26 aldiz igo zara 8.000 metroko mendietara, inor baino gehiago. Zein gogoratzen duzu bereziki?
Lehena, 1985ean igo nuen Cho Oyu. Orduko sentsazioak ez ditut berriz izan. Zortzimilako bat igotzearen magia berria zen niretzat, eta lehena izateak, sentsazio onenak izan ditudan mendi bihurtu du.
8. Nola doa zortzimilako guztiak berriz ere igotzeko proiektua?
Presa gabe: lau geratzen zaizkit. Ez dago baztertuta, baina bai stand-by-ean. Aurten bat egiteko asmoa nuen, ikusiko dugu. Zerbait pertsonala da; kontua da lehenengoz igotako bide beretik ez igotzen saiatzea.
9. Titan Desert-en ere apuntatu zara: desertuan egiten den mendiko bizikleta lasterketan.
Diote munduko BTT lasterketa gogorrena dela. Ez dakit hala den, baina ziur nago gorriak ikusiko ditudala, ez naiz-eta entrenatu. Amaitzea da helburua.
10. Noiz egongo da geldi Juanito Oiartzabal?
Egiten dudanaz gozatzen ez dudanean. Egia da adin bat dudala, baina lanak ematen eta gozatzen jarraitzeko asmoarekin nago.
----------
Makila magikoa baneuka: "Ingurumenarekin lotutakogauza asko aldatuko nituzke, berotze globala eta halako gauzak ikusten ari gara eta"