Gaur 11:30ean hasiko da Intxortako gerrateen bigarren errekreazioa

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko api. 27a, 09:15
Iazko errekreazioaren une bat.
Iazkoarekin alderatuz, hainbat berrikuntza izango dira: antzezpena egiteko leku gehiago izango dute, kanoia ekarriko dute eta Elgetatik igoko dira gudariak eta milizianoak Intxortara. 120 lagun izango dira, aurrez parte hartutakoak batzuk, baina kide berriak ere bai. 11:00etan itxi egingo dute errepidea ibilgailuendako.

Dena prest dago Intxortako borrokaldien bigarren errekreazioarako Elgetan. Parte-hartzaileek apirilaren 12an jaso zituzten jantziak eta materiala. Atzo, zapatua, elkartu ziren berriz, kasu honetan entsegu orokorra egiteko eta dagoeneko Intxortako lubaki eta zelaiak prest daude antzezle zein ikusleak jasotzeko

Errepidea itxita, 11:00etan

Gudari eta milizianoak 10:15ean elkartuko dira Elgetako herriko plazan hamarretakoa egiteko. 11:00etako kanpai hotsak entzundakoan abiatuko dira oinez lubakietara. Une horretan itxiko dute zirkulazioa errepidean. Antolatzaileek aurreikusten dute errekreazioa 11:30ean hastea.

Ordu erdi inguruko iraupena izango du ikuskizunak eta amaitutakoan aukera egongo da lubakiak zein errekreaziorako ekarritako materiala ikusteko, baita erretratuak ateratzeko ere.

Oinez egingo dute jaitsiera bai agintariek bai parte-hartzaileek, eta bidean lore eskaintza egingo dute Salbador ermita aurrean gerrako biktima zibilen omenez dagoen oroigarrian.

Herrian azoka egongo da: memoria historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak, txistulariak... egongo dira.

Mahaiaren bueltan amaituko dute eguna Elgetan. Kiroldegiko gimnasioan egingo dute herri bazkaria. Bestalde, gogoratu salgai daudela zozketarako txartelak zein Intxortako Irrintzia argitalpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak