"Bigarren urtez jarraian, ez dugu zirkulazio-istripuen ondoriozko hildakorik izan gure errepideetan", adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok. Heriotza-tasak ez ezik, istripu-tasak ere iaz baino datu hobeak erregistratu ditu, bilakaera positibo orokorra berretsiz; izan ere, istripuen kopurua jaitsi egin da. 2013an, 107 izan ziren (23 biktimekin eta 84 biktimarik gabe) eta aurten, berriz, 70 (21 biktimekin eta 49 biktimarik gabe).
Iazko Aste Santuko egunekin alderatuta, aurten ibilgailu gehiago erregistratu dira Trafiko Zuzendaritzak dituen kontrol-puntu guztietan. Hori bereziki nabarmena izan da AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan. Erregistratutako ibilgailu-kopuruen datuen lehen analisiak baieztatzen duenez, % 16,72 igo da.
Aste Santuko operazioan arazoak izan ohi dituzten beste bi puntuetan (Armiñongo lotunea eta A-8 errepidea, Kantabriara bidean) ere ibilgailu gehiago ibili dira. Itzulera-operazioan, ilarak txikiagoak izan dira. A-1 errepidean, Irunera bidean, zirkulazio handia erregistratu da, ibilgailu ugari zeudelako eta euri asko ari zuelako. Kantabriako mugan, berriz, ez da ilara nabarmenik erregistratu.