Oñatin, Sancti Spiritus Unibertsitatea bisitatzeko aukera dago eta gaur zapatua, bisita gidatua izan da goizeko 12:30etan. 20 lagun inguru batu dira bertan. Batzuk, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak eta beste asko, Kataluniatik etorritakoak. Hainbat argazki egin dizkiete Oñatiko kale eta eraikinei eta goiz ederra pasa dute Oñatiko historia ikasten.
Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateaz gain, Arantzazu inguruan ere hainbat eskaintza aurki daitezke: Santutegia bisitatzea, Oteiza artistarekin lotutako ibilbidea ikustea, Arrikrutzeko kobetara gerturatzea…
Gure bailaran; gastronomiaz, naturaz, museoez, historiaz eta arteaz disfrutatzeko aukera bikaina dago, baina batez ere bisita gidatuek izango dute indarra egunotan. Bergaran esaterako, gune historikoa bisitatzeko ibilaldi gidatuak egongo dira egunotan. 11:00etan eta 16:30ean eta baita aurrez eskatutako orduetan ere. Eskoriatzako monumentuak ikusteko ibilaldia berriz, 21ean egingo dute (11:00etan gazteleraz eta 12:15ean euskaraz). Leintz Gatzagako gatz museoan ere hilaren 17tik 21era bisitak egingo dituzte (12:00etan euskaraz, 13:00etan gazteleraz) eta gainerako egunetan, txanda aurrez eskatuta.
Berezitasun moduan, Elgetan 36ko Gerrarekin lotutako ibilbide tematikoa egiteko aukera egongo da eta apirilaren 27an gudaren errekreazioa eta egitarau berezia egongo da.
Informazio gehiagorako turismo bulegoak zabalik egongo dira Aste Santuan, zein Pazkokoan. Debagoienean hiru daude: (Bergaran, Oñatin eta Arantzazun).