68 udalek egin dute bat Udalbiltzaren mozioarekin

Aramaion zapatuan egindako ezohiko osoko bilkura.
Hilaren 20an ospatuko den Aberri Egunaren harira Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak aurkeztutako ‘Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu’ mozioarekin bat egin, eta "euskal herritartasuna bultzatzeko herri dinamika" abiatzeko deia egin dute. Debagoienean, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Aramaio eta Eskoriatzak onartu dute mozioa.

Euskal Herriko 54 udalek ezohiko osoko bilkurak egin dituzte mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko. Horrez gain, hamalau udaletan mozioa onartu dute ohiko osoko bilkuretan, eta zortzi herritan bandoen bidez zabaldu dute proposatutako testua. Osoko bilkura gehienak apirilaren 11n eta 12an egin ziren, eta herri batzuetan Euskal Herriko ikur eta banderen aldeko herri ekitaldiak ere egin zituzten.

Onartutako testuan, udalbatzek "euskal herritartasunaren aldeko herri dinamika bultzatzera" dei egin dute, eta, horrekin batera, "herritartasun hori agiri ofizial baten bidez adierazteko zilegitasuna" aldarrikatu dute. Era berean, herritar guztiak gonbidatu dituzte "garena eta sentitzen duguna jendaurrean adieraztera, kaleetan eta eraikin publiko nahiz pribatuetan Euskal Herriko ikurrak jarriz".

Azkenik, udalbatzek igandean Etxarri Aranatzen egindako herri galdeketari "babesa eta zilegitasuna" eman, eta bat egiten dute Gure esku dago ekimenak ekainaren 8rako erabakitzeko eskubidearen alde antolatu duen giza katearekin. 123 kilometro izango ditu eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.