Alvarez de Eulateren obra plastikoa hobeto ulertarazteko tailerra Arantzazun

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 15a, 09:08
Haurrei eskainitako lantegi didaktikoa izango da, Xavier Alvarez de Eulateren (1919-2012) obra plastikoa ezagutu dezaten eta argiak eta koloreak gune baten eraldaketan duten eragina ere ulertu dezaten. Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu du, Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean. Apirilaren 26an izango da, 10:30etik 13:30era.

Donostiako Maushaus estudioak izango du arkitektura-lantegia 6 eta 11 urte bitarteko haurrei emateko ardura, iaz Arantzan-Zu? izeneko arkitektura-lantegiarekin egin moduan. Parte-hartzaileak arkitekto, eskultore eta margolari bihurtu ziren orduan, Arantzazuko Basilika irudikatzen zuen maketa-interpretazioa eraikitzeko.

Tximeleta-formadun beirate koloretsuak

Aurtengo lantegiak Xavier Alvarez de Eulate izango du gaitzat, Basilikarako sortu zituen tximeleta-formadun beirate koloretsuengatik, batik bat, ezaguna den artista. Ekoizpen artistikoko urte luzeetan, Alvarez de Eulatek modu nekaezinean landu zuen pintura-arloa, irudikapen figuratibotik abstrakzioraino.

Bisita egin eta lanera

Lantegia 10:30ean hasiko da Gandiaga Topagunean. Proiektatutako irudiek lagunduta, lantegiaren nondik norakoa azaltzeko sarrera laburra egingo da bertan; ondoren, bisita gidatua egingo da Basilikan, haurrek ikus ditzaten Alvarez de Eulatek Basilikan egin zituen beirate desberdinak, bai Basilikako transeptukoak bai tenpluari erantsitako eraikinetakoak. Lantegiaren arduradunek lagunduko diete parte-hartzaile txikiei argiak eta koloreak gune baten eraldaketan duten eragina antzematen.

Bisita amaitzean, Gandiaga Topagunera bideratuko dira berriz denak lanarekin jarraitzeko. Hiru lan-gunetan banatuko dira parte-hartzaileak, teknikaren araberako lan artistikoak egiteko: mosaiko gardeneko mahaia, pinturako mahaia eta eskulturako mahaia.

Lantegiaren azken emaitza gisa, lan egiteko erabili duten aretoa bera transformatuko dute: argi-inguru berezia sortuko dute haurrek, asmatutako pintura eta eskultura testuinguruaren araberakoa. Amaitzeko, eraberritutako aretoa bisitatzeko gonbita egingo diete gurasoei eta familiartekoei, txikiek egindako lanak ezagutu ditzaten.

Izen-ematea

Izen-ematea apirilaren 25a baino lehenago egin behar da arantzazugaur@arantzazu.org helbidera idatziz edo 943 71 65 75 nahiz 639 05 19 31 telefono-zenbakietara deituz. Parte-hartzaile bakoitzak hiru euro ordaindu beharko ditu.

Antolatzaileen asmoa da datorren ekainaren 21ean lantegia errepikatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak