24,5 milioi euroko plana aurkeztu du Foru Aldundiak Arrasaten

Jagoba Domingo 2014ko api. 14a, 20:50
Gipuzkoako Foru Aldundiak Bide Laguna plana aurkeztu du gaur Arrasateko Kulturaten. Planaren helburua da enpresa eta ekintzaileak diruz laguntzea, 24,5 milioi eurorekin hain zuzen, eta nahikotxo herritar hurbildu dira bertatik bertara Jon Peli Uriguenek, Oscar Usetxik eta Lore Martinez Axpek esan beharrekoak arretaz entzutera. Horrez gain, krisian dauden enpresa txikiei laguntzeko txoke plana aurkeztu dute eta bertara sei milioi euro bideratuko dituzte.

Bide Laguna planaren aurkezpenean, Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua; Oscar Usetxi, Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapeneko zuzendaria; eta Lore Martinez Axpe, Informazio Gizarterako Sistemen zuzendaria egon dira. Bertan, aurten enpresa eta ekintzaileen esku jarri dituzten diru laguntzak batzen dituen planaren berri eman dute.

Ekimen berrien sorkuntza, lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza eta konpromisoa, talentua eta ikaskuntza, IKTak, eta zientzia eta teknologia dira planaren ardatzak, eta horiek lagunduko ditu diruz. Hain zuzen, 24,5 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldeko enpresen eta ekimen berrien eskura.

Sei ardatz nagusi

Foru laguntzen programak sei ardatz nagusi izango ditu:

1. Ekimen berriak, enpresa berriak: 2.325.000 euro

Ekintzailetza sustatzea.

  • Txekin. (Enpresa berriak sortzeko laguntza) 500.000 euro.
  • Emekin. (Emakumeei enpresa berriak sortzeko laguntza) 270.000 euro.
  • Txekintek + Barnetekin. (Oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzeko laguntza) 800.000 euro.
  • Mikroenpresak. (Merkatuan bi eta bost urte bitartean daramatzaten mikroenpresei laguntza) 255.000 euro.
  • Traktore-Start-Up izan nahi duten enpresa sortu berrientzako laguntza. 500.000 euro.

2. Lehiakortasuna hobetzen: 12.100.000 euro

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak.

  • Zailtasunak dituzten enpresa txikientzako txoke plana. 6.000.000 euro.
  • Kudeabide. Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien arteko plana, kudeaketa aurreratua sustatzeko. 300.000 euro.
  • Elkarrekin hobe. Enpresen Elkarlana. Enpresen arteko lankidetza sustatzeko. 1.000.000 euro.
  • Internazionalizazioa. 3.700.000: atzerrian ekoizpen ezarpenak egin eta produktu berriak nazioarteko merkatuetara eramateko, 1.200.000 euro; eta enpresa txiki eta ertainak enpresa traktoreekin lankidetzan internazionalizatzeko, 2.500.000.
  • Merkataritza eta turismoa. Eraldaketa eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzea. (*) 750.000 €
  • Eskulangintza sektorea sustatzea. 350.000 €

3. Berrikuntza eta Konpromisoa: 3.460.000 euro

  • Antolamenduko era berriak bilatzen. I+G+B sustatzea erakundeetan (langileen parte hartzea, belaunaldien arteko erreleboa…) 1.660.000 euro.
  • Antolamenduko era berriak ezartzen. 1.800.000 euro.

4. Talentua eta Ikaskuntza: 2.260.000 euro

  • Atzerrian gaitasunak eskuratzea. Atzerriko enpresetan praktikak egiten dituzten Gipuzkoako ikasleentzako bekak. 1.000 euro hilean, sei hilabetez. 600.000 euro.
  • Atzerrian lortutako eta garatutako talentua Gipuzkoako enpresentzat berreskuratzea. 20.000 euro arteko diru laguntzak Gipuzkoako enpresek eta klusterrek kanpoan lanean ari diren gazteak kontratatzeko. 400.000 euro.
  • Bizitza osoko ikasketak. Berrikuntza ikasteko eredu berrietan. 500.000 euro.
  • Bizitza osoko ikaskuntza. Ikasteko eredu berriak aplikatzea. 760.000 euro.

5. IKT: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak: 1.326.000 euro

  • Berrikuntza digitala: Gipuzkoa@IKTBerrikuntzaDigitala. Sistema informatiko berriak sustatzea. 550.000 euro.
  • Smart Gipuzkoa: Smart teknologiarekin zerikusia duten garapen berriak sustatzea. 250.000 euro.
  • Smart Lab Gipuzkoa. Smart teknologiekin zerikusia duten Livin Lab proiektuak sustatu eta ezartzea Gipuzkoan. 500.000 euro.
  • Galileo Masters lehiaketa: Galileo europar satelitearen erabilerei buruzko proiektuak. 20.000 euro.
  • gipuzkoAPP’s Gailu mugikorretarako aplikazioen lehiaketa. 6.000 euro.

6. Zientzia eta Teknologia: 3.000.000 euro

      Ikerketa eta garapena sustatzea I+G eta inbertsio proiektuei lagunduz.

Dagoeneko, diru partida batzuk onartuta daudela azpimarratu dute, eta besteak hurrengo hilabeteetan onartuko direla aurreikusi dute.

Krisian dauden enpresentzako laguntza plana

Horrez gain, krisian dauden enpresa txikiei laguntzako txoke plana aurkeztu dute. Gipuzkoa osoan egoera txarrean dauden eta egon diren enpresak daudela azpimarratu du Uriguenek, eta horri aurre egiteko premiazko plana egin dute Garapen agentziarekin batera. Hasteko, gaur egun Gipuzkoan enpresa txiki eta ertainek bizi duten egoeraren diagnosia lantzen dihardutela esan du diputatuak; eta planaren helburua gutxienez 100 enpresara heltzea dela gaineratu du. Lehen fase hori amaitu ostean, ekintza konkretuak jarriko dira martxan enpresarekin eta Garapen agentziarekin elkarlanean. Horretarako, sei milioi euro bideratuko ditu Aldundiak.

Aurkezpena amaitzeko, gerturatutako batzuek kezkak azaldu dizkiete. Horiei erantzuten saiatzeaz gain, internet bidez www.bidelaguna.net orrian sartzera gonbidatu dituzte enpresari eta ekintzaileak, bertan informazioa irakurtzeko eta zalantzarik izanez gero kontaktuan jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak