Askotariko musika estilo eta jatorriko taldeak batu dituzte herri bietan.
Aramaion, hamarrekoa
Oso eskertuta dago Larraitz Arriolabengoa, Aramaioko musika irakaslea eta musikaldiko antolaketa taldeko kidea, herritarrek musikaldiari emandako erantzun eta laguntasunarekin: "Askotariko adin eta estilotako musikazaleak batzea lortu dugu. Eguaztenean Ona taldeko Iñaki Plaza eta Kepa Calvorekin egin genuen saio didaktikoa oso berezia izan zen; egubakoitzean, sarritan herrian entzuteko aukera izaten ez dugun jazz doinuak ekarri genituen Sastiñara, Jose Barrios Trio taldearen eskutik. Herriko musikarien parte hartzea azpimarratu nuke (trikitilariak, abesbatzak, bertsolariak, Sustrai musika taldea) baina baita zapatuko kantu afarian izan ziren musikazaleak ere. 54 lagun elkartu ginen, eta garai zein estilo anitzeko abestiak elkarrekin kantatuz, gau ederra izan genuen".
Herriko abeslariekin gozatuz Arrasaten
Goikobalu eta Arrasate Musikaleko orkestrak ere, lepo bete zuten egubakoitzean San Frantzisko eliza. Brahmsek konposatutako doinuekin hasi, Eraztunen Jaunaren soinu bandarekin eta Sorozabalen Gernikarekin jarraitu eta Juan Arzamendi herriko musikariaren bi piezarekin osatu zuten errepertorioa.
Txorbela otxoteak eta Argentinako Opus Cuatro talde gonbidatuak ere, ederto ase zituzten zapatuan parrokia bete zuten zaleen musika gosea. Hasieran arrasatekoek euren kantu zerrenda eskaini zuten eta Argentinarrei lekukoa pasatu aurretik, talde biek kantatu zuten elkarrekin.