Hiru egunetan, iaz baino %17,55 autolikidazio proposamen gehiago onartu dira

Leire Kortabarria 2014ko api. 11a, 15:49
Autolikidazioek inoizko onarpen mailarik altuena lortu dute lehen hiru egunetan Hilaren 7an hasi zen autolikidazio proposamenak onartzeko epea, eta, hiru egunetan, proposamenen %32 onartu zituzten zergadunek: denetara, 75.767, aurreko kanpainan baino %17,55 gehiago.

Foru Ogasunak azpimarratu du "inoiz baino onarpen maila handiagoarekin" hasi dela errenta aitorpen kanpaina.
Zergadun gehienek (42.418) Internet bidez onartu dute etxera bidalitako autolikidazio proposamena. Gainerakoek (33.349) telefonoa erabili dute onartzeko.

Hiru egunetan tramitatutako 67.310 autolikidazio proposamenen emaitza itzultzekoa izan da, eta Ogasunak 68,1 milioi euro itzuli beharko dizkie. 8.457 zergadunek, berriz, ordaintzeko emaitza izan dute, eta 7,6 milioi euro ordaindu beharko dituzte. Beraz, kanpainaren lehen hiru egunetako saldoa negatiboa izan da (60,5 milioi euro). Gipuzkoako Ogasunak konpromisoa du itzulketak hiru egun balioduneko epean ordaintzeko, onartzen direnetik aurrera.

Aurten, beste urte batzuetan ez bezala, ez dago autolikidazio proposamena ukatzeko aukerarik; bakarrik onartu egin daiteke, edo bere horretan utzi.

Proposamena onartzen ez dutenek aitorpen mekanizatua aurkezteko txanda har dezakete apirilaren 15etik aurrera. Gainerakoek dagoeneko har dezakete txanda. Bi modutan egin daiteke hori: gipuzkoa.net/ogasuna/errenta webgunearen bidez edo bestela 902 10 00 40 telefonoaren bidez.

Gorrendako interpretea

2013ko errenta kanpainan, gorrak zeinu hizkuntzan komunikatu ahal izango dira Gipuzkoako Ogasuneko teknikariekin. Zerbitzu berri honen bidez, irisgarritasuna hobetu nahi du Ogasunak.

Errenta aitorpen mekanizatua zeinu hizkuntzaren interprete bidez egiteko, hiru egun eskatu ahal izango dira Tolosa, Bergara zein Errotaburuko (Donostia) bulegoetan.

    •    Apirilak 25, egubakoitza
    •    Maiatzak 24, zapatua
    •    Ekainak 20, egubakoitza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak