Fagor Ederlanek 30 milioi eurotik gorako inbertsioa egin eta 200 lanpostu sortuko ditu Txinan

Eneko Azkarate 2014ko api. 11a, 13:40
Artxiboko irudian, Fagor Ederlaneko langile bat Txinako plantan.
Fagor Ederlanek eta Infun Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute Txinan ekoizpen planta berria ezartzeko. Joint Venture berriak aurten ekingo dio bere jarduerari eta automozio sektorerako osagai metalikoen mekanizazioan espezializatua egongo da. Akordioak 5 urtetan 30 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea suposatzen du eta epe horretan 200 lanpostutik gora sortuko dira planta berrian.

Akordioak burdina galdategiko osagaiak ekoiztea ere jasotzen du, Infun Taldeak gaur egun Wuhun duen plantan ekoiztuko lirateke burdinazko osagaiok.

Mondragon Taldetik aditzera eman dutenez, lankidetza hau, "bi enpresek euren negozioa nazioartean garatzeko estrategia eta apustuaren emaitza" da. "Asiar merkatuaren indarraz kontziente izanik eta merkatu hau automozio sektorearen proiektu globalentzako funtsezko gunea izango dela jakitun izanda, bi taldeen burdinazko produktuen portafolioa erabat garatzea ahalbidetuko du lankidetzak eta bi enpresek Europan duten posizioa indartuko du", adierazi dute.

Mekanizazio planta berriak bi milioi eta erdi unitate mekanizatzeko ekoizpen gaitasuna izango du 5 urtean. Joint Venture honen produktuen portafolioa burdinazko osagaiek osatuko dute, besteak beste, portamangetek, diskoek, kaxa diferentzialek eta inertzia bolanteek. Gainera, Joint Ventureari esker, 2017 urtetik aurrera 35.000 tonako gaitasuna izango duen galdategia sortuko da.

Asia, merkatu ezaguna

Asia ez da ezezaguna bi fabrikatzaile handi hauentzat. Bi enpresek dute esperientzia Asiako merkatuan. Fagor Ederlan erreferentea da sektorean, 50 urteko esperientzia du eta presentzia globala du 18 ekoizpen plantari esker eta sektorearentzako erreferenteak diren herrietan dituen ezarpen propio eta aliantzen bidez, hala nola Europan, Brasilen, Txinan, Korean eta AEBn.

Fagor Ederlanen azken ezarpen produktiboa 2012an izan zen, Fagor Ederlan Autoparts Kunshan, hain zuzen ere, Qiandeng-en kokatua dagoena. Behe presioko teknologia bidez aluminiozko portamangetak ekoizten espezializatua dago eta sektoreari arindutako esekidura soluzioak eskaintzen dizkio. Kunshaneko lantegia, duela 10 urte Arrasaten zegoen hasierako enpresaren erreplika da eta pieza mota hauetan txinatar merkatuan erreferente bihurtu da; 2 milioi osagai ekoizteko gaitasuna du.

Infun Taldeak, bere sozietate-egoitza Sant Vicenç dels Hortsen (Bartzelona) duenak, 65 urte baino gehiagoko esperientzia du eta enpresa liderra da automozio sektorerako pieza eta osagai metalikoen diseinu, fabrikazio eta mekanizazioan. Infun Taldeak estaldura zabala du produktuari dagokionez eta nazioartean presentzia du Europan eta Txinan dituen 5 ekoizpen plantei esker.

Infun Taldeak 1997an ekin zion Txinako bere ezarpenari. Bere azken ezarpen produktiboa 2011n izan zen Infun Cast (Wuhu) Co. Ltd, Wuhu-rekin, Anhui probintzian (Txina) kokatua dagoena. Harea berde bidezko moldekatzea duen burdina galdategia da hau, gaur egun 40.000 tonako gaitasuna duena. Planta hau %100ean dago Txinako merkatura zuzenduta eta Powertrainerako automozioko osagaien ekoizpenean espezializatua dago.

Fagor Ederlan Taldeari buruz

Fagor Ederlan Taldea hornitzaile liderra da automozio sektorean, Txasisean eta Powertrainen dihardu eta merkatuari irtenbide integralak eskaintzen dizkio bere produktu linea guztietan. Ibilgailuen fabrikatzaile nagusienak eta Tier-1 hornitzaile nagusienak Fagor Ederlanen bezero dira eta honek ahalbidetzen dio sektorearen erronka nagusiak partekatu, ulertu eta lortzea eta bezero bakoitzaren eta merkatuaren eremu bakoitzaren eskariei erantzun pertsonalizatua ematea.

Fagor Ederlanen zerbitzu bokazioak gidatu du taldeak nazioartean izan duen hazkundea, Fagor Ederlan 18 planta dituen hornitzaile globala bihurtu da, sektorearen munduko eremu nagusienetan ekoizpen aliantzak dituena, hala nola, Europan, Mercosuren, Asian eta Naftan. 3600 profesional baino gehiagok osatzen dute eta Mondragon korporazioko kooperatiba den aldetik, bere izateko arrazoia eta bere jardueraren motorra enplegua sortzea da.

Infun Groupi buruz

Infun Group enpresa liderra da automozio sektorerako erantzukizun handiko pieza eta osagai metalikoen diseinu, fabrikazio eta mekanizazioan. Produktuen zorroa oso dibertsifikatua du (motorrerako, transmisiorako, esekidurarako, balaztarako eta direkziorako) material ferriko ezberdinekin eta aleazio bereziekin fabrikatzen direnak.

Taldeak presentzia globala du, esportaziorako bokazio handia du eta 5 ekoizpen planta Europan eta Txinan, ekoizpenerako ekipamendu eta prozesu modernoenak dituztenak.

Infun Groupen ekoizpen gaitasuna 205.000 tona da urteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak