Kristina Elkoro: "Enpresare sortu dugu Bergara, Antzuola eta Elgetako industria sektorea berraktibatzeko"

Bergara aldeko enpresen ehuna berrindartzeko sortu berri den Enpresare taldeko presidentea da. Horretaz gain, Elayko ordezkaria ere bai. Bi erakunde horien gainean dihardugu; izan ere, Antzuolan, Mexikon eta Txinak lantegian dituen Elay taldea albiste da egunotan, zientzia eta fabrika uztartzen dituen proiektu bategatik.

Zer da Enpresare?
Sortu berri den lantalde bat da. Jatorria da aurreko agintaldian Bergarako Udalaren ekimenez egin zen hausnarketa estrategikoa. Industria sektorearen egoera eta krisiak eragindako jarduera ekonomikoaren jaitsiera izan zen aztergaietako bat. Hausnarketa eta kezka horren ondorioz, agintaldi honetan sortu zen Enpresen Foroa eta hortik etorri da Enpresare. Bergarako Udaleko, enpresetako eta hezkuntzako ordezkariak daude bertan, eta baita Debagoieneko Mankomunitatekoak ere. Horretaz gain, kontseilariak deritzenak ere badaude, erretiroa hartu duten pertsonak, baina sektorea ondo ezagutzen dutenez, asko eman dezaketenak. Taldeak, oraingoz, ez dauka forma juridikorik, baina asmoa da ematea.

Ze helburu dauka?
Helburu nagusia da Bergara, Antzuola eta Elgetako industria sektorea berraktibatzea. Helburu handia da, baina uste dugu premiazkoa dela agente ezberdinak elkarrekin aritzea Bergara aldeko industria sektorea indartzeko, berpizteko eta, ahal bada, berriak sortzeko.

Zein da Bergarako, Antzuolako eta Elgetako enpresen egoera eta premia nagusia?
Taldea osatu zenean, enpresa ehunaren diagnostikoa egin genuen. Ondorioa da Bergara eta inguruko enpresa gehienak 50 langile baino txikiagoak direla. Horixe da errealitatea: enpresa osagarri txiki asko dago Bergaran eta inguruan. Bestetik, diagnostikoak erakutsi zigun enpresa gehienek ez dutela esportatzen eta merkatu nagusia dela Hego Euskal Herria edo Estatu Espainola. Errealitate hori aintzat hartuta hasi gara lanean.

Horixe da, une honetan, arazo nagusia, barruko merkatua krisian dagoela eta kanpoan gutxi saltzen dela?
Bai. Enpresa txikiek baliabide gutxiago dituzte etorkizunari aurre egiteko edo aldaketei aurre egiteko, hausnarketak egiteko… Egunerokoarekin nahikoa dute. Hori da errealitatea. Hortaz, Enpresarek lagundu beharko luke nazioartekotzean, hau da, enpresa txikiei beste merkatu batzuk aurkitzen eta zabaltzen. Hasieran egin genuen diagnostikoaren beste ondorio bat izan zen finantzaketarena, enpresa asko finantzaketa arazoekin daudelako, itota. Azken honi dagokionez, gauza gutxi egin genezake, baina, edozelan ere, abiapuntu horiekin, kudeaketa plana egin dugu.

Miguel Altuna bezalako Lanbide Heziketa institutu bat edukitzea zenbateraino da garrantzitsua?
Ezinbestekoa da eta Enpresare barruan dago. Sekulako lana egiten du: ikasle eta enpresen arteko zubi lana. Hemengo enpresen eskulan gehiena Miguel Altunatik dator. Hortaz, enpresak eta eskolak eskutik joan behar dute.

Aurtengo kudeaketa planean zeri eman diozue lehentasuna?
Enpresetan hausnarketa estrategikoak egitera eta nazioartekotzea lantzera. Lehen urratsak egiten hasi gara, bi ildotan: batetik, enpresa txikietan hausnarketa bultzatzea; bestetik, nazioartekotzea. Ikusten dugu enpresa txikietan ez daudela gai horrekiko sentsibilizatuta. Urrun ikusten dute, ez dute merkatu berrietara irekitzeko beharrik ikusten edota zaila ikusten dute. Hor eragin nahi dugu. Bestetik, enpresa txikiak direnez gero, laguntza, aholkularitza, eskaintzen saiatzen ari gara. Aukera ezberdinak aztertuz. Aukera bakarra ez da kanpoan lantoki bat jartzea.

Astelehenean jardunaldia egin zenuten Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketa institutuan. Zertarako?
Batetik, formazio mailan, enpresak eta eskola gerturatzeko prozesuan, Migel Altunak eskaintzen dituen aukerak ikus ahal izan genituen. Bestetik, Mankomunitatearen aldetik, enpresei laguntzeko ze diru laguntza dauden azaldu genuen. Azkenik, guretako oso garrantzitsua dena, Bergarako bi enpresa txikik nazioartekotzea zela egin duten azaltzeko aukera izan genuen. Mujika Kautxoak eta Segur Torlojugintza dira enpresa horiek. Lehenengoa hamahiru laguneko lantegia da, baina Errumanian zazpi laguneko beste lantoki bat dauka. Besteak, Segurrek, hau ere hamahiru lagunekoa, ez zuen ikusten kanpoan lantokirik zabaltzeko aukerarik, baina nazioarte mailako kontsortzio bateko kide da eta horren bidez lortzen du Europan saltzea, Europako hainbat feriatan parte hartzea eta baita bisita edo bidaia komertzialak egitea ere. Gero, bestetik, enpreson arteko harremanak bultzatu eta sinergiak bilatzea ere bada Enpresareren beste helburu bat. Elay, esaterako, Mexikon ere badago eta badugu esperientzia bat. Hango merkatua ezagutzen dugu. Horretan lagun diezaiekegu han saldu nahi duten enpresei.

Berrikuntza alorrean?
Bai, horretan ere eragin nahi dugu, teknologia berritzen lagundu, jauzi berriak egin, atzetik datozen herrialdeak aurrera doazelako eta lehiakorrak izan nahi badugu berritzen joan behar dugulako.

Bestetik, Higgs bosoiaren aurkikuntzan lagundu du Elayk eta hori dela-eta ekitaldi berezia egin duzue lantegian Jakiunderekin batera. Zer da proiektu hori?
Aspaldiko proiektua da, 1999an hasi genuena. 2006ko hasierara arte egon ginen CERN izeneko proiekturako piezak egiten. 6 milioi pieza egin genituen. Genevan tunel berezi bat egiteko balio izan zuten pieza horiek. Proiektua garatzeak lan handia eragin zien hemengo injineruei. Jakitun ginen garrantzitsua zen zerbaitetan parte hartu genuela, baina ez genuen jakin hori saltzen. Aita Jose Luisek, askotan azpimarratzen zuen hori, hau da, ikerketa garrantzitsu baten parte hartu genuela, baina ez genuela jakin hori nabarmendu eta saltzen. Baina Higgs bosoia aurkitu zenean tunel horretan, berriro ere ekin genion gaiari eta nahi izan genuen nabarmendu egindakoa, bai etxe barruan, lantokian, eta baita kanpoan ere. Jose Luis Etxenikerekin harremanetan jarri zen aita eta Jakiunderen bitartez gaia kanpoan eta langileen artean azaldu nahi izan dugu.

Bestelakoan, Elay Debagoieneko enpresa erreferentziazkoetako bat da. Zein da, une honetan, haren egoera?
Krisiak eragin handia izan du gure enpresan. 2009an igarri genuen bereziki. Hura izan da urterik txarrena, ze 2008an fakturazio errekorra izan genuen-eta. 2009an, ostera, gure jardueraren erdira jaitsi ginen, %40ko EREa egin genuen, soldata murrizketa… 2011n hobera egin genuen, baina krisiaren ondorioak nabariak dira: lan gehiago egin behar dugu gutxiago irabazteko, komertzial alorrean asko borrokatu behar da… Gure sektoreko enpresa askotan antzekoa da egoera.

Krisiak aldatzeko balio izan dizue?
Bai. Hausnarketa egin dugu eta barneratu dugu gauzak beste era batera egin beharra dagoela. Eta aldatu beharra daukagu, bereziki, efizientziaren aldetik. Horretarako, antolaketa ere hobetu beharra daukagu. Horretan dihardugu, aldaketa prozesu sakon baten. 2013a, oraindik ere, ez da urte ona izan. Salmentaren aldetik, 2011 eta 2012a baino eskasagoa izan da. Salmenta txikiagoak izan arren, emaitza hobeak izatea dugu helburu. Egia esan, zaila izango da krisiaren aurretiko egoerara itzultzea, baina, behinik behin, enpresa lehiakorrak eta jasangarriak izatea lortzea lortu beharko genuke. Lan asko daukagu barruan egiteko.

Merkatua hobera doala igartzen hasi zarete?
Bai, zertxobait, bai. 2014ko lehen hilabeteotan igarri dugu hori. Iaz sartu ez ziren proiektu batzuk aurten lortu ditugu. Baina aldakorra, nahasia, dago merkatua. Ez da batere egonkorra. Horregatik komeni da zuhurrak izatea. Baikorrak gara, baina zuhurtzia askorekin.

Zein da zuen merkatua?
Automobilgintza sektorean dihardugu. Gure bezeroak auto-marka nagusiak dira eta nazioartean dago gure merkatua. Alemaniara saltzen dugu %70. Halere, gure bezero gehienak, Mercedesen eta Volkswagenen hornitzaileak dira, nahiz eta, kasu batzuetan, marka horiekin zuzenean lan egin.

Mexikoko lantokia zela doa?
Urtetik urtera hobetzen eta hazkunde handiarekin. Mexikoko plantaren merkatua Ameriketako Estatu Batuak dira. Europako merkatuaren aldean, ikusten ari gara Ameriketako Estatu Batuetakoa dinamikoagoa dela eta hazten doala. Izan ere, han ere krisian murgilduta egon dira. 2000. urtean ireki genuen Mexikoko Celay enpresa, gure ohiko bezero batzuek hala eskatuta, Mexikora zihoazelako. Hasierako urteak zailak izan ziren. Hango ohiturak, lan erritmoak, kultura, geurekiko oso ezberdinak dira. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat bezerok, mexikarrak zelakoak diren jakinda, errezeloz begiratzen gintuen eta haien konfiantza irabaztea ez da samurra izan. Alde horretatik, azpimarratu nahi dut Eugenio Otsoak han egin zuen lana, hasierako urteetan. Baina, orain, esan genezake Antzuolako Elayk krisiari eusten lagundu diola Mexikoko plantak.

Ze fabrikatzen du, batik bat, Elay taldeak?
Autoendako segurtasun pieza asko egiten ditugu, eta, alde horretatik, zorroztasun eskakizun handiak bete behar ditugu. Segurtasun uhaletarako itxidura-piezak; autoen ateendako gatilloak, frenoen plaketak… Oso pieza inportanteak dira, segurtasunaren aldetik. Celayn 300 laguneko lan taldea daukagu. Baina han jende gehiago behar da hemengo gauza bera egiteko. Antzuolan, berriz, 210 inguru.

Txinan ere baduzue beste lantoki bat.
Bai, baina hangoa txikiagoa da. Han ez dugu planta bat eraiki, alokatu egin dugu eta oso poliki goaz, bereziki, Mexikoko esperientziarengatik. Txinako merkatuari erantzuteko joan gara hara. Bezeroen presioarengatik joan behar izan dugu. 2012n eman genituen lehen urratsak eta iazko azaroan inauguratu genuen. Orain hasi gara lehen piezak fabrikatzen. 10-15 laguneko lan taldea daukagu han. Munduan egon beharra ezinbestekoa da guretako. Baina, edozelan ere, guk argi daukagu gure ardatza, gure izatekoa, gure ilusioa, Antzuolako lantegia dela eta hari eusteko, munduan egon beharra daukagu.

Elayk Mexikon lantegia zabaltzeko erabakia hartu izan ez balu, egoera berean egongo zen?
Inondik inora ere. Esaterako, iaz, Mexikon lanez gainezka zeuden eta hemen produkzioa jaitsita zegoenez, harako piezak fabrikatu izan ditugu Antzuolan. Horrekin ez dugu dirurik irabazi, baina hemengo lantegiri eutsi diogu.

Azken kontu bat: lantegia euskalduntzeko planetan aitzindari izan da Elay eta behin helburuak beteta, bertan behera utzi duzue plana.
Bai, pozik gaude, helburuak bete ditugulako, lantegia euskaldundu dugulako eta gure egunerokoan, euskara delako hizkuntza nagusia, gauza guztietarako. Hori lortuta erabaki genuen bertan behera uztea plana eta ospakizun ekitaldi batekin amaitu genuen. Puntu honetara heldu den euskal enpresa industrial bakarrenetarikoa izango gara eta pozik, harro, gaude horregatik. Esaterako, gaur egun makina bat erosten dugunean, erosketetakoak garbi dauka euskaraz ere jaso behar dela esku-liburua edo erabilera-gida.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.