Komunikabide batzuek diotenez, CNAk 16 milioi eskainiko ditu Fagor Etxetresnen bi lantegirengatik

Leire Kortabarria 2014ko api. 9a, 12:05

Garagartzako lantegiaren ikuspegi bat.
Gaur zenbait komunikabidek argitaratzen dutenez, Kataluniako CNA taldeak aste honetan bertan egingo du 16 milioi euroko eskaintza Fagor Etxetresnen Garagartza eta Eskoriatzako lantegiak erosteko. Komunikabide horiek diotenez, CNA taldeak 500 lanposturi eustea proposatzen du.

Hedabideek zabaldu dute CNA taldearen interesa Fagor Etxetresnen aktiboengatik, baina Fagor Etxetresnek ez dute horrelakorik baieztatu nahi izan, ez eta 16 milioiko eskaintzaren berri dutenik ere.

Garagartzako eta Eskoriatzako instalazioak dira oraingoz interesa piztu dutenak, CNAren eskaintza konfirmatuko balitz. Izan ere, Aljeriako Cevital taldeak ere instalazio horien gaineko interesa dauka.

Kataluniako CNA taldeak etxetresnak egiten ditu eta Cata, Nodor eta Apelson markak ditu. Komunikabideetan argitaratu denez, esandako bi lantegiez gain, Aspes, Splendid eta Edesa markak nahi ditu, eta Fagor marka egosketa, hotz eta garbiketa lerroetarako esplotatzeko eta modu esklusiboan erabiltzeko baimena 30 urterako.

Oraingoz, asmo edo intentzio aitorpenak daude mahai gainean, ez proposamen zehatzak.

Likidazio planaren zain

Administrazio konkurtsalek oraindik ez dute likidazio plana aurkeztu, eta egunotan egingo dute hori. Plan hori Donostiako 1. Merkataritza-epaitegiko Pedro Jose Malagon epaileari aurkeztu behar diote. Horren ondoren, alegazioak aurkezteko epea irekiko da eta, gero, eskaintza zehatzak aurkezteko epea etorriko da. Une horretan, edozeinek egin ahal izango ditu eskaintzak Fagor Etxetresnen aktiboengatik, eta eskaintza horiek zehatzak izan beharko dira.

Bestalde, seguruenik oraingo eguen edo egubakoitzean jakingo da Malagonen epaia, Cevitalen eskaintzaren gainean. Horren ondoren, Frantziako epaileek erabakiko dute Frantziako filialekin zer gertatuko den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak