CAF-Elhuyar Sarien banaketa hartuko du Bergarako Errekalde Jauregiak eguenean

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 7a, 17:28
Bergarako Errekalde Jauregia.
Errekalde Jauregian, aurten Zientziaren Museo bilakatuko duten eraikinean, banatuko dituzte 2013ko CAF-Elhuyar Sariak; eguenean, 18:00etan hasita. Elhuyar anaiek Bergarako Mintegian wolframa isolatu zutenetik 230 urte bete dira eta ‘Elhuyar efektua’ sortuz ospatu nahi dute urteurrena. Udako Euskal Unibertsitateak jasoko du 2013ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria.

Sormena + Elkarlana + Dibulgazioa + Diziplinartekotasuna = Elhuyar efektua.

Elementu horiek osatzen dute Elhuyar anaiengandik jasotako ondare nagusia. Eta, aurten, Fausto eta Juan Jose Elhuyarrek Bergarako Mintegian wolframa isolatzea lortu zutenetik 230 urte betetzen direnean, balio horiek nabarmendu gura izan dituzte sariketaren antolatzaileek, alegia, Elhuyar efektua sortzea nahi dute gizartean; edo, bestela esanda, sormena, elkarlana, dibulgazioa eta diziplinartekotasuna sustatzea. Horregatik, Elhuyar efektua izan du ardatz CAF-Elhuyar sarien 2013ko edizio honek.

Agertoki berezia

Bergarako Udalarekin elkarlanean antolatu dute edizio hau, eta agertoki berezi bat aukeratu sari-banaketa ekitaldirako: Bergarako Errekalde jauregia. Bertan banatuko dituzte sariak ostegun honetan, apirilak 10, 18:00etan hasita. Izan ere, jauregi horretan bizi izan zen Bergarako Mintegiaren sustatzaile nagusienetako bat: Xabier Munibe, Peñafloridako kondea. Gainera, jauregi hori Bergarako Laboratorium Zientziaren Museoa bilakatuko da urte honen amaieran.

Ekitaldira hurbiltzen direnek zientzia museo horretako pieza batzuk ezagutzeko aukera izango dute, duela ehunka urte agian Elhuyar anaiek eurek erabiliak Bergarako Mintegian. Horretaz gain, 2012ko CAF-Elhuyar Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren irabazleek, Balio Berriz Balio proiektuko lagunek, urte honetan garatu duten lana aurkeztuko dute.

Eta, noski, sariak ere banatuko dituzte:

  • Dibulgazio-artikulu originalak:
    · Dibulgazio-artikulu orokorraren saria: 2.000 euro.
    · Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria: 2.000 euro.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko saria: 2.000 euro.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka: 5.000 euro.

Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia kide hauek osatu dute:

  • Leire Cancio. Elhuyarreko zuzendari nagusia.
  • Arturo Elosegi. Ekologoa, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
  • Marian Iriarte. Kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea.
  • Uxune Martinez. Inguma datu-base zientifikoaren kudeatzailea, UEU.
  • Alberto Barandiaran. Kazetaria eta Hekimeneko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako lanak, berriz, honako lagunek epaitu dituzte:

  • Maria Gil. Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna.
  • Josu Rekalde. Artea eta teknologia saileko zuzendaria, EHUko Arte Ederren Fakultatea.
  • Koldo Almandoz. Ikus-entzunezkoen arloko aditua, zinema-zuzendaria eta sortzailea.
    The Balde aldizkariaren zuzendaria

Udako Euskal Unibertsitateari saria

Bestalde, bazkideek proposatutako hautagaien artetik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak erabaki du Udako Euskal Unibertsitateari ematea 2013ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria, "urte luzez hainbat diziplinatan egindako dibulgazio-lanagatik, euskararentzat eremu berriak lantzeagatik, eta elkarlanerako erakutsi duten gaitasunagatik". Saria UEUren lehendakari izendatu berriak jasoko du, Iñaki Alegriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak