Maria Caro granadarrarekin batera iazko irailean Algecirasetik (Cadiz) irten eta Thailandira bizikletaz egindako bidaiaren gainean egin zuen berba Lasagabasterrek. 40 bat lagun izan ziren aurkezpenean eta Lasagabasterrek nondik nora ibili ziren azaldu zuen, argazkiekin eta musikak lagunduta.
Aurkezpenarekin "oso gustura"
Oso gustura geratu zen abenturazale aretxabaletarra aurkezpenarekin: "Oso gustura egon nintzen lagun, familia eta ezagutzen ez nituenenekin azken urte eta erdiko amets hori partekatzen. Beti gelditzen zaizu sentsazioa ezer edo gutxi kontatu duzula, baina urte eta erdi horren denbora motzean laburtzea ez da batere erraza". Esperientzia "ahaztezin" hartatik honakoa nabarmendu du: "Mundua oso jende onaz beteta dago. Berdin da zein nazionalitate edo erlijio izan, jasotako harrerak hori sentiarazi digu". Era berean, "milaka" anekdota bizi izan zituztela nabarmendu du.