Iñaki Ruiz de Eguino: "Sei eskultura daude egin barik geratutako proiektuen maketak"

Iñaki Ruiz de Eguino artista Arkupen jarritako eskultura batekin.
Iñaki Ruiz de Eguino pintore eta eskultore donostiarrak, hamasei pintura eta sei eskultura ditu ikusgai Aretxabaletako Arkupe kultura etxean hilabete bukaera arte.

Iñaki Ruiz de Egino (Donostia, 1953) artistaren Visiones geométricas erakusketa dago ikusgai Arkupen. Ikerketa geometrikotik abiatutako pinturak -hamasei inguru- eta eskulturak -sei- jarri ditu, bere lanaren laburpen bat.

Zer ekarri duzu Aretxabaleta?

Hainbat alorretako erakusketa da, garai askotariko lanen nahastea. 1990eko hamarkadan egindako Intimidad callada izeneko serie bat ekarri dut. Mondrianetik abiatuta egindako hainbat pintura-lan dira, geometrismo neoplastizistakoak, hain zuzen.

Gero, Arquitecturas rurales vascas seriea dugu, formatu handiagoko hiru pieza dira horiek, 80ko urteen erdialdean egindakoak. Orduan lan  egin nuen baserri giroko lan-tresnen gainean, Donostiako San Telmo museoan dauden piezetatik abiatuta.

Nolatan hartu zenuen gai baserriko lan-tresnak?

San Telmo museoko komisioko kide nintzen orduan eta konturatu nintzen lan-tresna asko galtzen ari zirela, hala nola sega, aitzurra... Baita upelgintzako tresnak ere, nahiz eta orain berriro berreskuratzen hasi sagardotegi inguruetan. Baina garai baten galtzen zebiltzan guztiak, zaharkituta geratzen zebiltzan, eta horiek berreskuratzen saiatu nintzen; hori bai, gaurkotua.

Artearen gainean ezjakinak garenok zer ikusi behar dugu pinturetan?

Eraikuntza bateko piezak hartu, leiho bat edo ate bat, esaterako, eta horien portaera islatzen dut. Leiho batek hutsune iluna sortzen badu horman, beltza erabiltzen dut, eta, hala, planoak hurbildu eta urrundu egiten ditut. Izan ere, hori da kalean goazenean ikusmenak duen portaera, benetan kontziente ez izan arren.

Kolore askorik ez duzu erabili lan horietan.

Egia da, serie hori ez da oso kromatikoa. Oinarrizko koloreak erabiltzen ditut, gehienbat: grisa atzealde edo oinarrirako, grisa delako espazio absolutuaren kolorea neoplastizismoan eta konstruktibismoan; eta gris horren gainean daude beste koloreak, espazioan sartu eta irten.

Eta sei eskultura ekarri dituzu.

Bai, eskultura horiek dira egin barik geratutako proiektuen maketak. Horietako bat Wiesbaden hiriko plaza baterako egindako proiektua da, gero ezin izan zena egin. Beste bi Donostiarako egindakoak: bata, Aieteko jauregirako eta bestea, Londres hotel inguruan jartzeko. Beste bat esferaren gainean egindako lan bat da, eta beste batek Icaroren bizilekua du izena.

Kalerako eskulturak egiten dituzu, orduan?

Bai; hainbat pieza ditut hemen, Frantzian eta beste hainbat tokitan. Orain, esaterako, 60 metro koadrotik gorako pieza bat lantzen nabil, argiarekin esperimentatuz; argi artifiziala sartu dut neure eskultura barruan, pauso bat harantzago emanda.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.