Elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak estatuen "esku-hartzea" salatzeko

Miren Mujika 2014ko api. 2a, 16:54
Gaur Tolosan egindako agerraldia.
Kontseiluak salatu egin du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren bidez "euskararen normalizazioa geldiarazteko abiatutako erasoaldia". Bada, Kontseiluak gaur dei egin die Arrasate eta Bergarako herritarrei, besteak beste, datorren astean, apirilaren 9an, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta estatuen "esku-hartzea" salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte har dezaten.

"Euskararen normalizazio prozesuaren aurkako estatuen esku-hartzeak ez dira berriak, baina azkenaldian aspaldiko erarik agerikoenean ari dira bi estatuak, Espainia eta Frantzia, inolako mozorrorik gabe. Espainiako estatuak LOMCE legea onartu du euskarazko murgiltze ereduaren hazkundea oztopatu nahian eta Frantziakoak ere ikastolen aurka egin du, murgiltze ereduaren aurka, 1850eko Falloux legeaz baliatuz", adierazi dute Kontseilutik. Horri gehitu diote Espainiako ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste 46 udalen aurka egin duela azken hilabeteotan, hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan. Eskoriatzako Udalari, esate baterako, indarrean dituen euskara planak bidaltzeko eskatu dio, baita hizkuntza-irizpideekin lotutako edozein erabaki jakinarazteko agindua eman ere.

Neurrien erreakzio gisa, zera azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak: "Udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea. Horretarako, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren mehatxu eta salaketak jaso dituzten udalerrietan elkarretaratzeak egingo ditugu apirilaren 9an".

Kontzentrazioak herrietako udaletxe aurreko plazetan egingo dira Estatuen esku-hartzea gelditu lelopean eta lelo hori irudikatzeko eskuak koloretako margoekin bustiko dituzte, gelditzeko keinu gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak