Zapatuan Gasteizen euskararen alde egiteko dei egin du Arrasateko EHEk

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 1a, 16:32
Euskaraz Bizi Eguneko egitarauaren aurkezpena.
Zapaturako, apirilak 5, Euskaraz Bizi Eguna antolatu du Euskal Herrian Euskarazek, Gasteizen. 'Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz Bizi!' lelopean ospatuko da aurtengoa eta egun osoko egitaraua josi dute. Arrasateko Euskal Herrian Euskarazek bertaratzeko gonbitea luzatu die herritarrei eta autobusa antolatu du bueltarako.

Euskararen alde egotetik, euskararen alde egiteko bidean, euskaldun eta euskaltzaleen topagune izan nahi du egunak, antolatzaileen esanetan.

Eguerditik goizaldera

Egitarau zabala josi dute: txupinazoa, herri-bazkaria eta kale-animazioa, umeentzako tailer eta abarrekin. Eguneko zitarik garrantzitsuena, ordea, 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko den Nazio Manifestazioa izango da; egunaren lelo berberarekin, euskaldunon hizkuntz-eskubideen aldeko martxa burutuko da, hain zuzen ere. Ondoren, Ttek elektro-txarangak kaleak piztuko ditu; eta Landatxon lehertuko da festa, Gose eta Tximeletak eskainitako kontzertuekin.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE) antolatu du Euskaraz Bizi Eguna, hainbat eragile eta herritarren babesarekin.

Bueltarako autobusa

Arrasateko EHEk bertaratzeko gonbitea luzatu die herritarrei, eta autobusa antolatu du Gasteizetik itzultzeko: 04:00etan aterako da Gasteizetik eta txartelak hiru eurotan egongo dira salgai. Interesa izanez gero, idatzi e-mail bat arrasate@euskalherrianeuskaraz.org helbidera edo jarri kontaktuan kideetakoren batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak