Zortzi lagun atxilotuta, Arrasaten izandako borroka bategatik

Eneko Azkarate 2014ko mar. 31a, 22:09
Arrasaten gertatutako borroka baten ondorioz, zortzi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Eibarren. Hala eman du jakitera Ertzaintzak berak, prentsa ohar bidez. 24 eta 42 urte arteko bost gizonezko eta beste hiru emakumezko dira atxilotu dituztenak. Guztiei leporatu zaie lesioen delitua eta Arrasateko taberna batean borrokan aritzea.

Ertzaintzaren arabera, domeka goizeko 7:30ean gizonezko baten deia jaso zuen Ertzaintzak. Arrasateko taberna baten borroka bat izan zela eta pertsona bat zauritua zegoela esan zien deia egin zuen gizonezkoak.

Kristalezko botila bat aurpegian

Ertzainak tabernara gerturatu zirenerako anbulantzia bat aurkitu zuten bertan, zaurituta zeuden bi pertsona artatzen. Aurpegian hainbat kolpe eta zauriak zituzten bi pertsona horiek. Zaurituek ertzainei adierazi zieten gizon eta emakume batzuek egurtu zituztela eta auto baten ihes egin zutela. Ertzaintzaren arabera, eztabaida baten ostean sortu zen borroka taberna barruan. Behin kanpoan, gizonezko bati kristalezko botila batekin eman zioten aurpegian.

Azitainen atxilotuak

Handik gutxira, Ertzaintzaren patruila batek auto bat atzeman zuen Azitain inguruan, Eibarren. Auto horretan, lekukoek emandako datuekin bat zetozen bost lagun zihoazen. Ertzainek autoa geldiarazi, barrukoak identifikatu eta atxilotu egin zituen; hiru gizonezko eta beste hiru emakumezko. Minutu batzuk beranduago, beste bi gizonezko atxilotu zituen Eibarko anbulatorioan, hauek ere Arrasateko borrokarekin zerikusia zutelakoan.

Atxilotuei eskuko telefono bat lapurtzea ere egotzi die Ertzaintzak. Telefonoa, ustez Arrasateko tabernan lapurtu zuten atxilotuek.

Guztiak aske utzi zituzten ordu batzuk geroago, baina epailearen aurrean deklaratzeko agindua dute zortziek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak